GARA Euskal Herriko egunkaria

Protestak eta istiluak izan dira Txilen matxinadaren bigarren urteurrenean


Milaka txiletar atera ziren kalera astelehenean, berdintasun sozialik eza salatzeko egindako matxinadaren bigarren urteurrena oroitzeko. Poliziaren eta hainbat gazteren arteko liskarrak izan ziren oraingoan ere.

Santiago hiriburuko Italia plazan milaka pertsona bildu ziren, duela bi urte bezala. 2019ko udazkenean plaza hori, manifestariek Duintasunaren Plaza izena eman ziotena, matxinadaren erdigune bihurtu zen.

«Gauzak ez dira gehiegi aldatu, baina jendea erneago dago bere ahotsa entzun dadin», azaldu zuen Valentina Sagredo 22 urteko ikasleak. «Asko dago oraindik aldarrikatzeko (...) horregatik ateratzen da jendea kalera», adierazi zuen 22 urteko Pablo izeneko ile-apaintzaileak.

Haserrea bistakoa zen Santiago hegoaldeko Puente Alto-ko polizia kuartel baten aurkako erasoan. Zenbait dendari ere eraso zieten manifestariek.

Alameda etorbidea, hiriburuko garrantzitsuena, itxi egin zuen Poliziak eta denda guztiek gauza bera egin zuten. Hala ere, manifestariek La Moneda jauregi paretik pasatzean Sebastian Piñeraren eskuineko gobernuaren aurka oihu egin zuten.

CUT sindikatuko talde bat Txileko Biltzar Nagusian indarrez sartu zen, matxinadak ahalbidetu zuen Konbentzio Konstituzionala hartzen duen eraikinean, hain zuzen.

Hala ere, karabineroek manifestariak bertatik bidaltzea lortu zuten.

Txile osoan 5.000tik gora polizia behar izan dira manifestazioen aurka egiteko eta 30 atxilotu inguru izan dira.

2019an, lau hilabete iraun zuen matxinadaren aurkako errepresiopean 34 pertsona hil zituen Poliziak eta 460 zauritu zituen; horietatik askok begia galdu zuten erasoetan. Herenegun 30 bat izan ziren atxilotuak.

Metroko tiketaren prezio igoerak leherrarazi zuen matxinadak kolokan jarri zuen Pinocheten erregimenak ezarri zuen sistema osoa. Egun, erreferendumean bozkatuko den Konstituzio berria dago eztabaidagai.