GARA Euskal Herriko egunkaria
AZKEN PUNTUA

Lehor doaz ibaiak


Esa %16an, Itoitz %38an, Irabia %45ean… Euskal Herriko urtegi batzuetako datuak dira horiek. Garbi dago urtea oso lehor doala. Negua salbuetsita, gainontzeko urtaroetan oso euri gutxi egin du. Udaberriko ohiko euririk ez zen izan, udan oso ekaitz gutxi izan ziren eta udazkenean ere, momentuz, oso euri gutxi egin du. Gainera, ez dirudi epe ertainean arazo hori konponduko denik.

Lehorteak gehienbat lurraldearen ipar-ekialdeari eragin dio, eta bereziki Pirinioei. Datu bitxi gisa, Euskal Herri osoan lehortetik salbuetsita geratu diren zona bakarrak Lizarrerria eta Erribera izan dira, uda amaiera aldera bi egunetan sekulako ekaitzaldiak eduki zituztelako. Beraz, teorian zonarik lehorrenak jaso du momentuz aurtengo euri gehiena.

Baina datuokin ikaratu behar al dugu? Erantzuna oso garbia da: ez. Klima epelek ezaugarri berezi bat dute eta hori da, salbuespenak salbuespen, beti lortzen dutela beren ohiko datuetara iristea. Hau da, urteko hamar hilabeteetan euri gutxi egin badu, geratzen den bietan egingo duela falta dena.

Epe luzeko iragarpenetan aldaketa txiki batzuk antzematen hasiak gara eta, nire ustez, azarotik aurrera etorriko da etorri behar duen euria, baita hotza eta funtsezkoa den mendietako elurra ere. Bien bitartean, pazientzia edukitzea eta eguraldia eskaintzen ari den egun zoragarri hauek gozatzea besterik ez da geratzen.