GARA Euskal Herriko egunkaria

Euskararen etorkizunari buruz gogoetatu dira Baionan

Atzo, Baionako herriko etxean, Estatu frantseseko hizkuntza gutxituen babeserako «Molac Legeaz» eta horren bi artikuluren kontra Frantziar Kontseilu Konstituzionalak eman zuen deliberoaz mintzatu ziren; euskarari eta Estatuko beste hizkuntzei nola eragiten dien aztertu zuten. Hezkuntzako, zuzenbideko, politikako eta hizkuntzalaritzako ordezkariak bildu ziren Euskaltzaindiak eta Euskal Konfederazioak antolatu zuten jardunaldian.


Euskal Herriko eragileekin batera, Bretainia, Ipar Katalunia eta Okzitaniako kideak ere bildu ziren Baionan. Jatorri eta eremu anitzetakoak izateak gogoeta anitz eta ikuspegi ezberdinak ahalbidetu zituen, baina Sagrario Aleman euskaltzainak azken gogoetan esan zuen bezala, esandakoak hiru hitzetan laburbildu daitezke: «Itxaropena, borroka eta elkarrekin».

Konstituzioa aldatzearen aldeko aldarrikapenak eta eskariak eremu guztietako hizlarien ahotik heldu ziren, Kontseilu Konstituzionalak emaniko epaiaren ondoren konponbide bakar gisa aurkeztua izan baita.

Goizeko saioetan legea Frantziar Asanblea Nazionalean aurkeztu zuen Paul Molac diputatu bretoia izan zen, eta haren ondotik Eneritz Zabaleta Zuzenbidean doktorea eta hezkuntza arloko hainbat eragile aritu ziren: Biga Baiko presidente Marie Andree Ouret, Seaskako presidente Peio Jorajuria, Euskal Haziak-eko presidente Ana Mari Irungaray eta Udaleku elkarteko koordinatzaile Maddi Bordagarai.

Arratsaldea hautetsien hitzaldiekin abiatu zen, non Euskararen Erakunde Publikoko presidente Antton Curutcharry, postu horretan lehenago izan ziren Max Brisson senataria eta Mathieu Berge eskualde kontseilaria elkartu ziren; azken bien artean ikusmolde ezberdina dela agerian gelditu zen.

Estatuko beste hizkuntza gutxituei begiratzeko momentua izan zen orduan, ondorioak aurkeztuz bukaera eman aitzinetik. Okzitaniako Sergi Javoloyes, Bretainiako Visant Roue eta Ipar Kataluniako Joan Pytavi i Deixona aritu ziren lurralde horietako egoera eta berezitasunak aurkezten, Euskaltzaindiko Jakes Sarrailletekin batera.

Alemanek eta Euskal Konfederazioko Luxi Detchart-ek eman zioten bukaera. Azken horrek egun guztian zehar entzun zen beste ideia bat azpimarratu zuen: «Argi ikusi da Konstituzionalaren erabakia politikoa izan zela. Egungo sekuentzia politikoa alde dugu eta hori segurtasun juridikoa lortzeko baliatu behar da».

Egoera lasaitzeko zirkularra

Beste gai nagusietako bat Kontseilu Konstituzionalak eman zuen erabakiak ekarritako arazoei aurre egiteko Hezkuntza Ministerioa prestatzen ari den zirkularra izan zen. Pariseko Gobernuko eta Hezkuntza Nazionaleko teknikariak hizkuntzen defentsan diharduten eragile ezberdinekin elkartzen ari dira egunotan, eta, dirudienez, urtea bukatu baino lehen argitaratuko da.

Zirkularrak duen izaera politikoa nabarmendu zuten, nahiz eta oinarrian arazo juridiko bati erantzuteko litzatekeen. Horrela, Gobernuaren eskutik dagoen asmoa positibotzat jo zuten, nahiz eta denek emaitzaren zain daudela nabarmendu. Aste honetan, zirkularra idazteko ardura duten Hezkuntza Ministerioko langileak jardunaldian presente zeuden eragile ezberdinekin elkartu dira.

Molacek ere gogoan izan zuen zirkularra eta egun eskualdeetako hautetsiak eta gizartea, alde batetik, eta parean egoera hau inposatu nahi duten Pariseko Gobernua eta «teknokrazia» daudela salatu zuen gogorki: «Iritzi publikoa aldatu da, eta jendeak ez du ulertzen Gobernuak hizkuntzak itotzeko darabilen dinamika».

Lurraldeen arteko hitzarmena

Antton Curutcharry Euskararen Erakunde Publikoko lehendakariak, Bingen Zupiria Lakuako Gobernuko bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuak eta Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetarako kontseilariak euskararen sustapenean elkarlanean jarraitzeko hiru erakundeen 2021-2025 epealdirako lankidetza protokoloa berritu zuten, atzo, Baionan egin zuten agerraldian azaldu zuten legez.

Hiru erakundeek Iruñean sinatu zuten 2017ko uztailaren 3an lehenengo lankidetza hitzarmena, eta balorazio positiboa eginda eta alde guztiek elkarlanean jarraitzeko erakutsi duten interesa kontuan hartuta, berriro sinatzea adostu dute.

Hitzarmenak euskara sustatzeko lankidetza bultzatzea du helburu eta, besteak beste, hezkuntza, helduen euskalduntzea, euskararen erabilera, ikerketak eta euskarari buruzko gogoeta zehazten ditu, lurralde errealitate politiko eta soziolinguistikotik legeek lurralde bakoitzari ematen dizkioten eskumenen esparruan. GARA