GARA Euskal Herriko egunkaria

A20ko mobilizazioan parte hartzeko deia luzatu dute presoen senideek


EH Bilduko ordezkariek eta euskal presoen senideek prentsaurrekoa eman zuten atzo EHUko Bizkaia Aretoan, koalizio subiranistak azaroaren 20an Bilbon deitu duen manifestazioan parte hartzera deitzeko.

Sonia Jacinto EH Bilduko antolakuntza zuzendariak «berdintasunean oinarritutako Euskal Herri askea erdiesteko helburuarekin» Bilboko kaleak «konpromisoz eta ilusioz» bete behar direla nabarmendu zuen. Azaldu zuenez, hamarkadetan zehar, herri honek «urrats garrantzitsuak» eman ditu bide horretan; eta eman diren urrats eta aurrerapen guztiak milaka pertsonaren konpromiso eta mobilizaziorik gabe ez liratekeela posible izango gogoratu zuen.

EH Bilduk herriarekin «konpromiso argiak» dituela ziurtatu zuen Jacintok: «Programa argia dugu herri honentzat, adostasun handietan oinarritua: erabakitzeko eskubidearen aldeko konpromisoa, justizia soziala, ekologismoa, feminismoa, euskara, antifaxismoa. Eta baita Euskal Herri demokratiko baten alde ere, non pertsona guzti-guztien eskubide guztiak errespetatzen diren. Bizikidetza demokratikoan aurrera egiteko gure konpromisoa erabatekoa da», azaldu zuen.

Koalizio subiranistak norabide horretan urratsak egin dituela adierazi zuen Jacintok. Hala ere, Aieteko adierazpenetik hamar urte igaro ondoren, oraindik nazioarteko komunitateak herri honi utzitako gomendioak ez direla osorik bete salatu zuen; horren erakusle, presoen auzia oraindik konpondu gabe dagoela gogoratu zuen.

«Azaroaren 20an, ezkerreko independentismoaren komunitatea osatzen duten pertsonek, beste aukera bat dute euskal gizarteari eta estatuei mezu argi bat bidaltzeko: euskal preso politikoen auzia konpondu egin behar da. Printzipio demokratiko argietan oinarritutako herriaren eraikuntzan aurrera egin behar da», azaldu zuen.

«Aurrera egiteko»

Bide horretatik, preso baten senideak, Olatz Iglesiasek, azpimarratu zuen herri mobilizazioa eta eragile politiko, sozial eta erakundeen elkarlana izan dela euskal presoen urruntzea eta sakabanaketa indargabetzen hastera bultzatu duena. Hala ere, oraindik ere bide asko egiteko dagoela adierazi zuen eta, urrutira joan gabe, iragan asteburuan Villabonako preso baten senideek errepidean ezbehar bat izan zutela gogoratu zuen.

«Presoak haien espetxe ibilbide juridikoa egiten ari dira, baina ez zaie oraindik lege arrunta aplikatzen. Hirugarren gradua eta espetxe baimen arruntak ukatzen zaizkie; 19k gaixotasun larriak dituzte, beste batzuek 70 urte baino gehiago dituzte, 35ek erbestean eta deportaturik jarraitzen dute, eta 50 baino gehiagori ukatu egiten zaie Frantziako zigorraren urteak zenbatzeko aukera», azaldu zuen Iglesiasek. Horregatik guztiagatik, azaroaren 20an Bilboko manifestazioan parte hartzeko deia egin zuen, «konponbidean eta bizikidetzan aurrera egiteko eta pertsona guztien eskubideak errespetatzeko».