GARA Euskal Herriko egunkaria
MENDI LASTERKETAK

Oihana Azkorbebeitia hirugarren sailkatu da Munduko Kopan

Korrikalari abadiñarrak Top5ean sartzea zuen helburu, eta lasterketetan izaniko erregulartasunarekin eta lanarekin oso gustura dago.


Korrika eta presaka ibiltzea ez omen da oso komenigarria. Oihana Azkorbebeitiak korrika asko egiten du; ez dakiguna da presaka ibiltzen den. Bederen, GARArekin hitzartutako hitzordura garaiz iritsi zen. Hartu-eman horretarako bagenuen aitzakiarik; izan ere, lasterkari abadiñarrak goi mailako hirugarren postua erdietsi du amaitu berri den International Skyrunning Federation (ISF) taldeak antolatutako World Series zirkuituan edo Munduko Kopan.

Iazko derrigortutako etenaldiaren ondoren, nazioarteko zirkuituak beste ekitaldi bat izan du aurtengoan, eta Azkorbebeitiak, beste ekitaldi batzuetan bezala, ez du hutsik egin nahi izan. Munduko Kopan aurretik ere bazekien zer zen postu onak eta podiumak lortzea, eta, hain zuzen ere, duela bi urteko emaitzak hobetzeko asmoz, bere buruari helburu zehatz bat jarri zion: «Orain bi urte Top10ean sailkatu nintzenez, aurten lehen bost onenen artean muturra sartu nahi nuen. Eta lortu egin dut. Limoneko azken lasterketa baino lehen neure burua laugarren postuan ikusten nuen, baina azken unean nire aurretik zen beste korrikalari batek proba horretan kale egin zuen, eta nire atzean sailkatu da».

Trail running modalitateaz arduratzen den federazioaren zirkuituak hamalau hitzordu izan ditu, eta lau emaitzarik onenak kontuan hartu dira. Denera, bizkaitarrak sei lasterketa korritu ditu, eta lortutako lau postu onenen puntuak batu ostean, brontzearekin egin da 290 punturekin. Denisa Dragomir errumaniarrak aise irabazi du zirkuitua. Lau lasterketetan izan da eta lauretan gailendu da; 400 puntu bildu ditu. Bigarren sailkatua, berriz, Stephanie Kroll izan da, 314 punturekin.

Azkorbebeitiak adierazi digu aurtengo ekitaldia arraroa izan dela: «Maiatzetik ekainera bitartean proba asko antolatu ziren, eta beste batzuk, berriz, atzeratu. Nire egutegi propioa moldatu behar izan dut; hots, lana eta haurrak uztartu. Argi eta garbi nuen Austriara joan nahi nuela, hango lasterketak ederrak baitira. Aurtengo Munduko Kopa deskafeinatua izan da. Duela bi urte ez bezala, maila ez da hain handia izan. Beraz, emaitza onak erdiesteko aukera ona nuen. Hori bai, balorazio ona egiten dut, batez ere probetan egindako lana ikusita. Zirkuituan buru belarri ibili naiz, eta beste proba batzuk alde batera utzi ditut. Gainera, aurten ez dut Euskal Mendizale Federazioaren selekzioarekin korritu. Taldeko buruak ni beste zirkuitu batzuetan egotea nahi zuen, baina proposamen hori baztertu nuen. Nire kabuz antolatu behar izan dut dena».

Puntu gehien lortu dituen lasterketen inguruan galdetuta, abadiñarrak aurreratu digu batez ere Austriako hitzorduek asko bete dutela: «Kaiserkronekoa, adibidez, niretzat oso lasterketa egokia da: 24 kilometro ditu eta 2.600 metroko desnibel positiboa. Lehenbiziko igoera luzearen ostean, jaitsiera izugarria du; ferrata batetik eta aseguratu gabe. Hots, ahuntzen modura. Harrien artean egiten diren jaitsiera tekniko horiek gustuko ditut. Gainera, lau ordutik gorako ibilbidea du, eta nire ezaugarrietarako oso aproposa da. Hochkoningekoa ere ederra da oso. Ez da hain teknikoa, baina bai luzeagoa. Paisaiaren aldetik, berriz, ederra da oso».

Bestalde, Italian Grigneko proba korritu zuen, baina, eguraldi txarrarengatik, ibilbidea aldatu behar izan zuten. 2009. urtean egon zen lehen aldiz bertan, eta oso proba ona iruditu zitzaion: «Aurten mendiko kasko bat eraman behar zen derrigor. Horren berri bezperan izan nuen. Azken lasterketa Gorbeia Suzien izan nuen. Oso luzea egin zitzaidan. Lokatzarekin ez nintzen ondo konpondu, eta amaieran indar barik geratu nintzen».

Arestian aipatu dugun bezala, Dragomir aise gailendu da Nazioarteko Skyrunning Federazioaren erregulartasunaren zirkuituan. Azkorbebeitiari galdetu diogu gainontzekoak baino koska bat gora ote dagoen: «Duela pare bat urte ezagutu nuen, zirkuitu honetan bertan, eta maila txukuna zuen. Aurten ohartu naiz soilik sei edo zortzi minutuko aldea atera didala. Beraz, uste dut errumaniarraren eta nire artean ez dagoela alde handirik; koska bat goitik bai, baina ez izugarri».

Proba egutegia, gainezka

Lerrootako protagonistak berak aitortu duenez, amaitu berri den ekitaldiak ez du sendotasun handirik izan; hots, badirudi zirkuitua pixkanaka indarra galtzen ari dela. Eta ez da harritzekoa, besteak beste, trail running edo mendi lasterketen egutegia gainezka dagoelako. Munduko Kopa antolatzen duen federazioaz gain, beste federazio batzuek zein sona handiko zirkuitu pribatuek ere leku garrantzitsua hartu dute. Korrikalari bizkaitarraren ustez, alde onak eta txarrak ditu horrek: «Adibidez, Salomon Golden Series zirkuituak sarietan diru asko jartzen du. Eta, jakina, eliteko korrikalari askok zirkuitu horren aldeko apustua egiten dute. Gainera, bidaia eta egonaldia ordaintzen dituzte. Orain bi urte Munduko Kopan aritu ziren asko aurten ez dira azaldu ere egin. Beste lasterketa batzuetan izan dira beren kabuz. Beste kirol batzuetan nazioarteko hitzordu nagusietan munduko sasoikoenek hartzen dute parte. Kirol honetan, berriz, horrelakorik ez dut nahi; izan ere, elitismoa bultzatzen da. Gero eta zirkuitu eta proba gehiago daudenez, ondo lehiatzeko aukerak ditut. Horrela, profesionalak ez garenok eta benetako laguntzak ez ditugunok protagonismoa hartzeko aukera gehiago ditugu. Nire kasuan lasterkari herrikoia naiz».

Azkorbebeitiak hirugarren postu bikain batekin bukatu du Munduko Kopa, eta amaitutzat eman du aurtengo denboraldia: «Hurrengoari begira nago, baina, momentuz, ez dut ezer zehatzik. Hori bai, lasterketen ezaugarrien inguruan gauzak argi ditut; 40 urte ditut, eta badakit bizitasuna galdu dudala, hots, ez naiz hain azkarra. Beraz, oso luzeak ez diren baina lau ordutik gorakoak diren probak atsegin ditut. Nire ezaugarrietarako, behintzat, oso egokiak dira. Bestalde, bertikaletan ondo ibiltzen naiz, eta ziur naiz hitzorduren batean edo bestean egongo naizela. Aurten ez dut modalitate horretako lasterketarik egin».