Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

«Gora ta gora Euskadin…»

Amaitzear da Eskoziako Glasgow hirian COP26 gailur ponposoa. Aldaparik igo gabe gailurra zapaldu nahi dutenen goi-bilera, prentsak emandakoari jaramon eginda behintzat. Hortaz, RIP26.

Kontua ez da amaieran botila erdi beterik ala erdi hutsik ote dagoen, baizik eta botila bera ote den. Bada, gurean behintzat botilak apurtu egiten dira beira-ontzira botatzean, halaxe jarri zutelako birziklatzean lege! Horren harira, gogoan daukat umetan esne-botila hutsik eskuan joaten nintzela izkinako okindegira eta esne-botila bete batekin etxeratu. Dudatan nago egungo progresua aurrerabidea ala atzerabidea den; are gehiago, dudarik ez daukat. Zin dagit, senaren aginduz!

Mahaiaren bueltako gailurraren azken orduko eztabaidak imajinatzen ditut. Izan ere, goi-bilerak goi-agiria behar du azkenean, klimaren errealitaterako jaitsieran amildu aurretik. Bada, imajinatzen dut agintari bat «zeraren zera zeraren zerarekin zertuko dugu» esaten, eta, ondoan, burua ezker-eskuin mugitzen, «zera baietz» esaten beste bat, ondoren estilografikoa atera eta konpromisoen paperaren beheko partera hurbiltzeko...

Halakoetan behin eta berriz gogotik pasatzen zaizkit ilaje arraroa eta ageriko bibotea zituen fisikari entzutetsu haren hitzak, esaldi borobil batera bilduak: «Ezin da arazo bat konpondu berau sortu duen pentsaera beretik». Hortaz, klima aldatzen ari bagara,&hTab; zergatik ez gure pentsaera aldatu? Bada maleziagabeko galdera sinple horren bueltan 26 gailur izan dira… erantzuna ordokian denean, hormigoi digitalezkoa honetan. Horra Ajuriaeneko CEOarena. Zaldi handia, ibili ala ez. Ez dago ezer ordezkatzeko, dena da gehigarri, eta Korridorea bada hobeto. Fisika gehiago beharko luke batzuen senak! Euren errituetan, «Gora ta gora Euskadin…» BPGari ari zaizkio kantuan. Aldaketa bakarra zera: «BPG jaun, eta andre, jabe!». Eta Gabonak piztear… Kawen!