GARA Euskal Herriko egunkaria
SASKIBALOIA

Bilbao Basketentzat hirugarren garaipena, hartzaile ona delako


BILBAO BASKET 80

OBRADOIRO 76


Hau da sufritu beharra, Jainkoarren! Ez dirudi Surne Bilbao Basketek eroso inori ere irabaz diezaiokeenik, baina irabazten amaitzen duen bitartean, pozik! Makina bat izerdi, disgustu eta sufrimendu kosta zitzaion atzo eguerdian talde bilbotarrari hirugarren garaipena pilatzea, baina poltsikoan dauka, epeletan, eta ez da gutxi, jaitsiera postuetatik atera baitira Alex Mumbrurenak.

Ludde Hakansonek 21 puntu lortu zituen, Obradoidoren aurka betiko legez partida ona jokatuta, baina egiari zor, talde lan eskerga egin behar izan zuen talde bilbotarrak matrailezur gogorra duela erakusteko.

Asko dute hobetzeko bizkaitarrek, baina etxean hirugarren garaipena errenkadan lortu dute, eta horrek zeinahi sufrimendu eta nekaldi justifikatzen du.

Hasteko, 2-11ko partzial bati aurre egin behar izan zion Bilbao Basketek, Robertson inola ere geratu ezinean, eta aurreneko erdiaren parte batzuetan 11 puntu atzetik ere izan ziren beltzezko gizonak: 17-28, esaterako.

Alabaina, nahiz eta jaurtiketa libreetan sekulako puntu piloa galdu –Angel Delgadok oso gaizki pasatzen du eta atzo bi sartu zituen baina zazpi huts egin zituen–, atsedenaldira 40na heltzea lortu zuten Mumbrurenek.

Langileak heroi

Markagailuan aurrea hartzea ikaragarri kosta zitzaion Bilbao basketi, Birutis eta Okouok sekulako mina ematen zutelako bizkaitarren uztaipean. Baina Mumbrurenek ez zuten etsi, eta eskerrak horri!

Hakansonek puntuak pilatu zituen, eta Rafa Luzek defentsa. Miniotas lituaniarrak, berriz, uztaipean logika apur bat jarri zion Bilbao Basketen jokoari. Hala, partida amaitu aurretxoan 73-65 aurreratzea lortu zuen etxeko taldeak.

Ezin sufritu gabe irabazi, ordea, eta azken minutura 73-70 iristea lortu zuen Obradoirok. Hakansonek eraso negargarri bat egin zuen, baina Valentin Bigote aurkitu zuen, zorionez, eta frantsesak, 27 segundoren faltan, ez zuen hiruko jaurtiketan hankarik sartu.

Azken segundoetan jaurtiketa libreak erruz bota behar izan zituen Bilbao Basketek, baina aurreneko erdian ez bezala, azkenean sartu eta majo sufrituriko garaipena lortu zuen.