GARA Euskal Herriko egunkaria

Sudango Armadak sarraskia egin du manifestarien artean

Internet eta komunikazioak etenda dauden arren, Estatu-kolpearen aurkako protestek aurrera jarraitzen dute, indarra galdu badute ere. Hori aski ez, eta Armadak manifestariei tiroka erantzun eta 15 lagun hil ditu. Miliziak ehunka zaurituen bila ari dira ospitaleetan.


Gutxienez 15 pertsona hil ziren asteazkenean Sudanen, Estatu-kolpea salatzeko protesten aurkako errepresioaren ondorioz. Sudango Medikuen Batzordeak jakitera eman duenez, Poliziak eta Armadak tiroka desegin zituzten manifestazioak.

Khartum iparraldeko barrutian zazpi hildako zenbatu dituzte; horietako batek tiroak zituen buruan eta lepoan. Beste bat Omdurman hirian hil zuten eta beste hiru, Khartum hiriburuan. Zaurituetako lau, hiru gizon eta emakume bat, Al-Baraha ospitalean zendu dira eta beste bat, Ahmed Gasim ospitalean.

Izan ere, dozenaka zauritu daude, horietako asko zauri larriekin, eta Medikuen Batzordeak salatu duenez, zailtasun handiak dituzte osasun zentroetara eramateko.

Estatu-kolpea

Are gehiago, «Estatu-kolpearen aldeko miliziak ospitaleetan indarrez sartzen saiatzen ari dira eta setiopean dituzte, kirurgia oso delikatuak jasaten ari diren zauritu asko barnean daudela jakitun», salatu du. Gas negar-eragileak bota zituen Poliziak Alwad ospitalean, eta Al Farenta ospitalean «ez zuten zaurituak eta langileak sartzen uzten», gaineratu du. «Erregimen kolpista osasun-eskubidea erabat hausten ari da, aurrez bizitzeko eskubidearekin berarekin egin duen moduan», salatu du.

Milaka eta milaka sudandar atera dira kalera gobernu zibila aldarrikatzeko. Telefono eta internet sareak itxita daude Estatu-kolpea izan zen egunetik, urriaren 25etik. Oposizioa SMSen bidez antolatu izan da.

Ordutik hona, gutxienez 38 dira hildako manifestariak, eta zauritutakoak, berriz, ehunka, baina errepresioak urrats berri bat egin zuen asteazkenean, nahiz eta protestetan parte hartu dutenen kopuruak behera egin duen.

Dozenaka mila manifestari atera ziren kalera urriaren 30ean eta azaroaren 13an. Herenegun, ordea, milaka batzuk baino ez ziren izan, beldurrak jota, eta euren artean komunikatzerik ez zuten, gainera. Gehiago ziren Khartumeko zubiak eta bidegurutzeak ixten zituzten poliziak eta soldaduak.

Hala ere, oposizioaren buru den Sudango Profesionalen Elkartearen ustez, «sarraski honek gure leloak indartzen ditu: ‘Militarrekin negoziaziorik ez, konpromisorik ere ez, ez eta inolako elkarlanik ere’».

Aldaketarako eta Askatasunerako Indarren oposizioko koalizioak salatu duenez, militarrek herrialdea isolatu dute «krimenak eta eskubide urraketak ezkutatzeko» eta harrituta agertu da Armadaren errepresio izugarriarekin. Dei egin die segurtasun indarrei «kolpisten krimenetan parte har ez dezaten» eta tiro egin ez dezaten.

Urriaren 25ean, Abdelfatatah al-Burhan jeneralak Armadak oposizioarekin sinatu zuen trantsizio-akordioa hautsi zuen eta zibilak Gobernutik kanporatu zituen, tartean Abdallah Hamdok lehen ministroa, etxean atxilotuta dagoena.

2019ko matxinada

2019an oposizioaren matxinada batek 30 urtez boterean izan zen Omar Al-Baxir autokrata kargutik bota eta atxilotzea lortu zuen. Al-Burhan jeneralak amore eman behar izan zuen Armada herritar sudandarren haserretik babesteko.

Matxinadan oposizioko 250 kide baino gehiago hil ziren. Armadarekin elkarlanean aritzea ere onartu behar izan zuen oposizioak, baina hasieratik gobernu guztiz zibila exijitu zuen.

Armadak Gobernuaren kontrola mantendu nahi izan du betidanik, eta irailean ustez Al Baxirren aldeko militar talde batek egin zuen Estatu-kolpe saiakerak eragindako tentsioa aprobetxatu zuen, urrian trantsizioa hankaz gora uzteko.