GARA Euskal Herriko egunkaria
KOLABORAZIOA

Erraustegi berri bat Bergaran


Valogreen Paper BC SL enpresa, Bergarako Larramendi industrialdeko lursailean paperaren sektoreko zazpi enpresaren hondakinak suntsitzeko makroerrauskailu bat eraiki nahian dabil. Enpresak Bergarako Udalarekin eta honek ordezkatzen dituen herritarrekin maltzurkeriaz jokatu duela salatu dute ozenki bergararrek azken egun hauetan. Izan ere, enpresak bi txosten ezberdin aurkeztu ditu, bata Bergarako Udalean, hirigintzako baimena eskatzeko, eta bestea Jaurlaritzan, ingurumen baimen integratua delakoa lortzeko. Zergatik, baina, bi txosten ezberdin proiektua bat eta bakarra denean? Idatzi honen bitartez, garbi adierazi nahi dugu proiektu honen jarduera nagusia errausketa bidezko hondakinen tratamendu termikoa eta deuseztapena dela. Ez industriarako karga ez-organikoa (kaltzio karbonatoa) fabrikatzeko azpiproduktuen tratamendua, beraiek dioten bezala.

Gisa honetako eraikuntzek, orduero, 60.000 metro kubikoko ke-emaria isurtzen dute atmosferara, hamar metroko garaiera izango lukeen ohiko futbol zelai baten edukieraren adina. Kutsagarri arriskutsuak zabaltzen dituzte ingurura: metal astunak, substantzia kartzinogenoak, karbono dioxidoa bezalako berotegi efektuko gasak, gas azidoak, konposatu organiko lurrunkorrak, material partikulatuak eta nitrogeno oxidoak. Gainera, Bergarako hirigunetik 1,3 kilometro baino gutxiagora dago lurzorua. Bestalde, urtean ehun milioi litro ur-zikin baino gehiago isuriko ditu Deba ibaira. Lixibiatuetatik eratorritako kutsagarriez gain paper fabriketako 110.000 tona ere, lohien kondentsazio eta errekuntza gasen arazketa tratamendutik datozenak. Eta horri guztiari gehitu behar zaizkio 155.000 tona hondakinen garraioen joan-etorriek eragindakoak, urtero.

Ingurumenerako eta giza osasunerako erabat kaltegarria da jarduera ekologiko gisa mozorrotu nahi dutena. Ez du zerikusirik karearen ekoizpenarekin (kaltzio oxidoa), hondakinen errausketarekin baizik. Pirolisia hondakinen errausketaren aldaera bat da. Halaxe aitortzen du industriako emisioei buruzko 2010/75/EB zuzentarauak. Horregatik guztiagatik, garbi utzi nahi dugu, batetik, jarduera hori ez dela bateragarria Bergarako Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren (2009) zehaztapenekin, hondakinak tratatzeko eta/edo ezabatzeko jarduera ez baita agertzen 15. artikuluan (lurzoruaren erabileren araubidea, J-1 atala) jasotako industria jardueren artean. Bestetik, Larramendi Industrialdearen 2007ko Plan Partzialaren Hirigintza Arauak ez lituzkeela beteko. Eta azkenik, 2019an Debagoieneko Eremu Funtzionalerako onartutako Lurralde Antolamenduaren Gidalerroen dokumentuan ere ez dagoela jasota jarduera.

Egoera honek erantzun irmo, jator eta bidezko bat ematea eskatzen du gure iritziz, pertsonen eta Bergarako herriaren interesak, eskubideak, osasuna eta ingurumena lehen lerroan jarriz eta ez noski negozio-interes hutsak. Horrelako proiekturik ez dugu nahi, ez hemen ez inon. Gure apustuaren iparra Zero Hondakinei begira jarrita dago, horiek saihestuz, murriztuz, berrerabiliz, birziklatuz.

Azkenik, esan nahi dugu baloratzen dugula Bergarako Udalak hartu duen erabakia, balio gabe utziz «ustezko hirigintzako baimen bateragarria». Jokabide hori ez da ohikoena administrazioaren esparruan. Edozelan ere, adi! Azkenaldi honetan mantra bat badabil gure herrian. Jaurlaritzatik dator erasoa (Tapia anderea buru), udalen eskuduntzak eta autonomia murriztuz (Azpeitian aurretik, orain Bergaran) enpresen interes ekonomikoei inongo eragozpenik gabe ateak zabalduko dizkiena. Badirudi lege berri bat sortu nahian ari dela Jaurlaritza, Udalen erabakimenetik at, bere proiektuak oztoporik gabe ezarri ahal izateko. Erne egon beharko dugu herritarrok!