GARA Euskal Herriko egunkaria
PILOTA

Garaipen erosoak Laso-Imaz eta Irribarria-Rezustarentzat Binakako Txapelketa hasteko


ALTUNA-MARTIJA 13

IRRIBARRIA-REZUSTA 22


Lau eta Erdiko finaleko biharamunak pasa eta zauriak sendatzeko astebete ere izan gabe, lehiaketara itzuli behar izan zuten atzo Jokin Altuna eta Unai Lasok. Hori bai, Binakakoaren hasieran gauzak oso desberdinak izan ziren amezketarrarentzat eta Bizkarreta-Gerendiaingoarentzat. Final estu eta ezin orekatuagoaren ostean, partida motz eta azkarrak izan zituzten biek ere, oso emaitza desberdinekin; Ander Imazek lagunduta 9-22 nagusitu zen nafarra Urrutikoetxea-Arangurenen aurka Labriten eta, Bartzelonan, aldiz, kaiolako txapeldunak eta Martijak ezer gutxi egin ahal izan zuten Irribarria-Rezustaren abiaduraren aurka.

Kolore bakarreko partidak izan ziren biak. Iruñean, hasiera-hasieratik hartu zuten aldea Unai Laso eta Ander Imazek, bakoitza bere eremuan parean izan zituzten arerioak baino askoz hobeak izanda. Igandean kolpea jaso bazuen ere, sasoiko heldu dio Unai Lasok Binakako Txapelketari eta Labriteko partidari beste abiadura bat eman zion jokoan sartzeko aukera izan zuen bakoitzean. Errematean ere dotore aritu zen eta, hori gutxi balitz, atzean izan zuen Ander Imaz ere Aranguren baino gehiago izan zen.

Ohartzerako, galduta

Eta Labritekoa segituan apurtu bazen, zer esan Bartzelonakoaz. Pilotaleku bereziki bizkorra da eta bertan Irribarriak boleaz eta Rezustak botera pilotari ezarri zioten abiadura erabakigarria izan zen. Oso entxufatuta sartu zen kantxara 2017ko bikote txapelduna eta oso hotz Altuna-Martijak osatutakoa; bigarrenak konturatzerako, 9-0 ihes egina zien partidak.