GARA Euskal Herriko egunkaria
ALAVES

Meritu handiko berdinketa Sevillako zaparradan

Bi aldiz aurreratu dira babazorroak lehen zatian, baina andaluziarrek luzapenean berdindu dute partida.


Alavesek atzo Sevillako zaparradaren azpian lortutako puntua ontzat har daiteke. Aurkaria zein zen ikusita, puntu banaketa partida hasieratik sinatu zitekeen. Hala ere, neurketa nola joan zen ikusita, ziur aski Gasteizeko taldeko jokalariak zapore gazi-gozoarekin bueltatuko ziren etxera. Izan ere, luzapenean lortu zuten sevillarrek berdinketa, garaipena eramateko babazorroek dena alde zutenean.

Oso goiz –goizegi esango lukete askok, maila honetako aurkari bat aurrean izanda– aurreratu ziren arabarrak. Izan ere, bosgarren minutuan Laguardiak 0-1ekoa ipini zuen markagailuan buruz egindako erremate bati esker. Ramon Sanchez Pizjuanen jokatuta, hain azkar gola sartzea akuilu izan zen gasteiztarrentzat. Ondo eutsi zieten sevillarrei lehenengo zatiko minutu gehienetan, baina, atsedenaldira iristeko oso minutu gutxi falta zirela, partida erabat aldatu zen. Denetik pasatu zen. Lehendabizi, Lucas Ocamposek berdinketa lortu zuen 38. minutuan, ordura arte Alavesek egindako lan txukuna ezerezean utziz. Gol psikologikoa izan zitekeen, aldageletara joan aurretik berdintzea etxeko taldearen onurako izan baitzitekeen. Aldiz, lehen zatia amaitzeko segundo gutxi falta zirela, epaileak VARa aztertu eta Alavesen aldeko penaltia adierazi zuen, andaluziarren gola sartu berri zuen Ocamposek eskuarekin ukitu baitzuen baloia area barruan. Joseluk ez zuen hutsik egin, eta, hala, 1-2koarekin heldu zen atsedenaldia.

Bigarren zatian, bi taldeek egindako aldaketez gain, Pachecok hartu zuen protagonismoa, bi geldiketa bikain egin baitzituen. Hala ere, Alavesek garaipena lortzeko dena alde zuenean, luzapenean, Rakiticek eskuin hankarekin berdinketa ipini zuen markagailuan.