GARA Euskal Herriko egunkaria
ESKUBALOIA - EUROPEAN LEAGUE

Suaren gainean dantza, sutan erre

Kanporaketa orekatzetik gol bakarrera egotea lortu ostean (16-11), hartutako arriskuak garesti ordaindu ditu azkenerako Bera Berak.


Kanporaketaren 120 minutuak hartuta Bera Berak European Handball Leagueko multzoen fasean egoteko dohainak badituela erakutsi duen arren, talde donostiarrak Europari agur esan zion atzo, itzuliko partidan ere Ramicu Velcea talde errumaniarraren aurka galdu ondoren (27-29). Joanekoan bezala, partida eta kanporaketa esku-eskura izan ostean –16-11 ere aurreratu ziren bigarren zatiaren hasieran–, amaieran amore eman behar izan zuten Imanol Alvarezen neskek, hein handi batean, aurkariaren atearen aurrean asmatu ezinik aritu zirelako. Oliveira Fernandesek gol bakarra egin zuen eta Maitane Etxeberriaren lan itzela ez zen nahikoa izan kanporaketa iraultzeko.

Multzoen faserako txartelak, ordea, Errumaniako bigarren zati kaskarrean egin zien ihes donostiarrei. Izan ere, atzo pazientziaz jokatzen saiatu ziren arren, handik ekarritako sei goleko desabantailak arriskuak hartzera behartu zituen gipuzkoarrak eta, une askotan suaren gainean dantzan aritu baziren ere, azkenerako su horretan erre ziren. Golak behar zituen Bidebietako taldeak eta, horretarako, zelaiko zazpi jokalarirekin aritzeko hautua egin zuen Imanol Alvarezek. Aldiz, donostiarrak azken jaurtiketetan fin aritu ez zirenez –Fernandesek gol bakarra egin zuen partida guztian–, errumaniarren bi atezainen lan onak eta zutoinen aurka tupust egin zuten baloiek gol errazak sartzeko aukerak eskaini zizkieten kanpotarrei, orotara bost gol lortuz atezainik gabe.

Baina partidak eta kanporaketak ihes egin zien azken laurden horretara arte, gauzak txukun egin zituzten donostiarrek. Joenakoan Valcearen 5-1eko defentsaren aurrean ideiarik gabe aritu baziren, atzo ondo mugitu zuten baloia, eskuin aldetik batez ere zuloak topatuz. Defentsan ere lanak eman zizkieten errumaniarrei. Atsedenaldira 14-10 joan ziren aurretik Bera Berako neskak, azken segundoan gol bat jaso arren lanak ondo bideratuta.

Liscevicen erantzuna

Etxekoen lan onak kanpotarren entrenatzailea ere arriskatzera behartu zuen, eta, hala, erdi errenka aritu zen Liscevic kantxaratu zuen. Serbiarra ez zen fisikoki bere punturik onenean, baina Valcearen erasoko jokoa berpizteko gai izan zen gauzak okerren jarri zitzaizkienean.

Bera Berakoen artean Maitane Etxeberria izan zen eskuin hegaletik erasoko jokoaren ardura izan zuena, baina laguntzarik ez zuen izan apenas. Berak sartutako gol batekin, kanporaketa orekatzetik gol bakarrera izan ziren Alvarezenak (16-11), baina ez zuten lortu eta erabat amildu ziren. Presaka aritu behar izan zuten azken minutuetan eta, kanporaketa berdintzetik urrun, partida bera ere galdu zuten, nahiz eta lan txukuna egin.