GARA Euskal Herriko egunkaria

Istorioz osatutako argizari zati txikia


“Sex Wax” da surf egiten hasi nintzenean ezagutu nuen lehen argizaria. Koko usaina zuena maite nuen, eta baita limoi usainekoa ere. Erritual bat zen taulari argizaria ematea. Tanta txikiz osatutako geruza bat osatzeko mimo handiz ematen genion argizaria taulari. Esperimentuak ere egin genituen, esaterako, ile lehorgailuarekin argizaria berotu eta urtzean eroritako tantek borobil perfektu bat osatuko zutela uste genuen, gure aurrekoek kandelekin egiten zuten moduan, baina surf argizaria bigunegia da eta urtu ostean erortzen den tanta geruzan disolbatzen da xafla lau bat osatuz, eta ez guk nahi genuen bezala, koskadun menditxo bat osatuz.

Ez labaintzeko taulari ematen diogun produktu bat baino zerbait gehiago da argizaria. Bere usainak surf saio on bat edo bidaia bat oroitarazi diezaguke, eta olatu handiak diren egunetan argizaria ematea protokolo baten lehen urratsa izan daiteke, seriotasuna ematen baitio egitera goazenari.

1991. urteko “Point Break” filmean, Angelo Papas agenteak AEBetako presidente ohien maskarekin bankuak lapurtzen zituen talde bateko kideak nortzuk ziren ikertzeko izan zuen lehen proba surf taulentzako argizaria zen. Lapurrek “Sex Wax” argizaria erabiltzen zuten, surflariak ziren. Bederatzi urte lehenago, 1982an, kaleratu zen “Fast Times at Ridgemont Hight” filmean, ostera, Sean Penn surflaria “Sex Wax” goiburua zuen elastiko gorri batekin agertzen zen eszena batean. Nerabeei zuzendutako film irrigarri hartan gerora famatu bilakatu ziren aktore oso gazteek hartu zuten parte. Adibidez, Jeniffer Jason Leigh, Nicolas Cage edo Forest Whitaker.

“Point Break” filmaren izenburua bere horretan utzi zuten Frantzian estreinatu zutenean, gaztelerazko bertsioan, ordea, “Le llaman Bodhi” deitu zuten. “Fast Times at Ridgemont Hight” filma ere bi izenburu desberdinekin iritsi zen Euskal Herrira. “Aquel excitante curso” itzuli zuten gaztelerazko bertsioan, eta “Ça chauffe au Lycée Ridgemont” frantsesekoan. Interesgarria izango litzateke film horien izenburuak euskaraz nola itzuliko liratekeen jakitea. Ziur aski ingeleseko esaldia baino, gaztelerazko itzulpena hartuko genuke itzulpena egiteko oinarri gisa, hori baita gure jarduteko modu tamalgarria. Eta “Sex Wax”, nola itzuliko genuke? Itzulpenik badu hainbeste istorio barnebiltzen dituen argizari zati txikiak?