GARA Euskal Herriko egunkaria
PILOTA

Daniako Jai Alaiarekin batera, AEBetako zesta-puntaren urrezko aroak ere ateak itxiko ditu igande honetan


Ezer ez omen da betiko eta igande honetan ateak itxiko ditu Floridako Dania hiriko Jai Alai pilotalekuak. “Palace” bezala ezaguna den frontoiak igandean izango du bere azken funtzioa, azken 68 urteetako jardunari amaiera emanez. Daniakoa zen Ameriketako Estatu Batuetan 28 pilotariz osatutako koadro egonkorra zuen azken pilotalekua eta, hortaz, pilotalekuaz harago, ia 100 urteko ziklo loriatsu bati emango zaio amaiera. Miami Jai Alaik 1926an ireki zituen ateak eta «pilotaren industriak» nekez biziko ditu berriz unerik onenetan AEBetan izandako negozio bolumenak. Garairik onenetan hamasei ere izan ziren martxan egondako frontoiak eta ia 500 batera kontratatutako pilotariak Florida, Rodhe Island, Connecticut edo Nevadan.

Jai Alai News atariak artikulu batean azaltzen duenez, itxieraren arrazoiak argiak eta ulerterrazak dira. «Zenbakiek agintzen dute eta gaur egun bertan egiten diren apustuek ez dute frontoi industrial batek sortzen dituen gastuei aurre egiteko adina diru ematen». Bertan aipatzen denaren arabera, «aurrera egin eta garapena izateko, beharrezkoa da aita hiltzea». Eta, zesta-puntaren kasuan, apustuak lirateke aita hori, kirol honen arrakastaren eta zabalkundearen motorra. Kontua da duela 30 urte negozioa errentagarria zen bezala, egun errentagarri izateari utzi diola eta amaitzeko ordua heldu zaiola.

Apustuarenak egin du, eta kiniela formatua «ahalik eta apusturik gehien egin ahal izateko kirolaren moldaketa bat» besterik ez zela izan behar da kontuan. Hilean 860.000 dolar jokatzen omen dira apustuetan, eta, hemengo ikuspuntutik asko eman dezakeen arren, ez da nahikoa enpresarientzat.