GARA Euskal Herriko egunkaria
Entrevue
JESSICA
BORTIZKERIA SEXISTAREN BIKTIMA

Jessica, bortizkeria sexistaren biktima: «Heriotza nire parean ikusi dut»

Hamazazpi urterekin hasi zen bortizkeria jasaten Jessica* (hau ez da bere benetako izena). Gaur egun 33 urte dituen emazteak borrokan segitzen du, pairatu duen guztia justiziak aitortu dezan eta, batez ere, kendu dizkioten lau haurren zaintza berreskuratzeko. Lekukotasun gogorra eman du.


Nahiz eta badiren bi urte Jessica* (asmatutako izena) bere bikotekide ohiaz bereizi zela, egun borrokan segitzen du bere lau seme-alaben zaintza berreskuratzeko. 33 urte dituen emazte indartsu honek oso ondo daki zer den bortizkeria sexistaren biktima izatea. Egun Ipar Euskal Herriko egituren babesean aurkitzen da, nagusiki Atherbea egituraren laguntzarekin. Azaroaren 25ean iragaten den Emazteen aurkako Bortizkeria Desagerrarazteko Egunaren karietara, bere lekukotasun gordina eman du GARAn.

2005ean, hamazazpi urte zituela, Jessica bere bikotekide ohiarekin ezkontzera behartu zuten. Ijito komunitatean hezi den emazteak dioen gisan, ez du inoiz hauturik ukan. Ezkondu eta berehala ohartu zen biziko zuen infernuaz. «Maitasunik gabeko ezkontza bat zen. Gizon oso bortitza da», aipatu du.

Hasieran, umiliazioak jasaten zituen, mehatxuak, bultzadak. «Zenbat eta denbora gehiago pasa, orduan eta okerragoa zen». Fisikoki eta psikologikoki erasoa izatea zer den badaki Jessicak, eta, aitortu duenez, batzuetan, entzun beharreko hitzek kolpe gogorrek baino min handiagoa ematen dute.

Bere senarra zenbat eta bortitzagoa izan, orduan eta isolatuago sentitzen zen Jessica. Batez ere, bere familia, «haien burua babesteko», beragandik urrundu zen. Dioenez, ijito komunitatean, emaztea eta banandua izatea «lotsa» da familiarentzat. Lan egiteko eskubiderik ez izateaz gain, etxetik ere ezin zen atera. «Nire seme-alabak soilik ikusten nituen».

Ohitura horietan hazia izan dela dio. «Eskolara joan naiz hamahiru urte bete nituen arte. Emazteak, gure komunitatean, formak izaten hasten direnean, eskolatik ateratzen dituzte», azaldu du.

Harremanak denboran iraun eta hiru haur ukan zituen bikotekide ohiarekin. Azkenean, bereiztea erabaki zuen eta epailearen aitzinean izan ondotik, haurren zaintza bere esku utzi zuen justiziak. Bereizketak hiru urte iraun zuen, baina Jessicak ez zuen bakea berreskuratu. «Mozkor zegoenean haurrak berreskuratzen zituen, ez zuen deus errespetatzen. Lanera segitzen zidan. Jasanezina zen», aitortu du.

Bortizkeria sexista kasu anitzetan gertatzen den bezala, bikotekide ohiak egindako promesek itsuturik, berarekin itzultzea erabaki zuen. Handik gutxira, laugarren haurra ukan zuen. Bost hilabetez haurdun zelarik ahaztuko ez duen gertaera bat bizi izan zuen. «Iletik hartu ninduen, kolpatu ninduen, ostikadak emanez. Komunera joan eta bertan gakoz hetsi nintzen. Atea hautsi zuen eta berriz kolpatzen hasi zen. Nire buruan nire haurra babestea beste helbururik ez nuen. Uste nuen egun hori azkena izanen zela. Heriotza nire parean ikusi nuen», kontatu du hunkiturik.

Azkenean, kuraia handiarekin, bizi zen eskualdetik ihes egin eta salaketa pausatzea erabaki zuen. Etapa berri bat hasten zen bitartean, bere bikotekide ohiak testigantza faltsuak egin zituen. Haurren zaintzaz erabakitzeko, deialdi bat bidali zioten Jessicaren amaren familiari, baina Jessicak ez zuen inoiz horren berri ukan. «Traizio bat izan da». Atsekabez kontatu du, epaitegiko hitzordura joan ez zenez epaileak bere lau haurren zaintza kendu ziola. «Lazgarria izan da».

«Borroka ezazue»

Badira bi urte Jessica haurren zaintza berreskuratzeko borrokan ari dela. Nabarmendu duenez, horrek ematen dio aitzina segitzeko indarra, egun batez berreraiki duen bizi hori bere txikiekin partekatzen ahalko duen itxaropenak, hain zuzen ere. «Oso zaila da erasoak pairatzen dituen emazte batentzat salaketa bat jartzea. Egitea erabaki nuenean eta epaileak ez ninduenean biktima gisa aitortu… oso gogorra izan zen», aitortu du.

Argi du emazte batek ere ez duela umiliatua izan behar. «Gure eskubideak ditugu. Badakit zer balio dudan eta badakit lortuko dudala», baieztatu du Jessicak itxaropentsu. Bizi izan duen guztiak irakatsi dionarekin, mezu argi bat bidaltzen die gaur egun egoera bera pairatzen ari diren emazteei. «Ez egon bortizkeria pairatzen duzuen tokian; atera zaitezte hortik. Laguntza eskatu eraso sexisten kontra lan egiten duten elkarteei. Emazte indartsuak zarete eta lortuko duzue, borrokatu!».