GARA Euskal Herriko egunkaria
LEHEN MAILA

Athleticek denboraldiko partidarik gogorrenarekin berrekingo dio lehiari


Sportingen aurkako berdinketaren zapore gaziarekin joan zen Athletic etenaldira eta denboraldiko partidarik gogorrenarekin berrekingo dio lehiari. Zuri-gorriek orain arte inolako ahulgunerik erakutsi ez duen Bartzelonari bisita egingo diote gaur (12.00, Footters).

Ez dira urte asko igaro talde biak aurkari zuzenak zirenetik eta lau denboraldi eskas, Athleticek Bartzelonan azken garaipena lortu zuenetik, baina blaugranek azkenaldi honetan eman dituzten pausoek beste galaxia batean kokatu dute taldea. Iraia Iturregik berak aitortu duenez, ez da soilik «munduko talderik onena», baizik eta «inoiz ikusi dudan talderik konpletoena». Talde katalanaren zenbakiak ikusi besterik ez dago. Ligako liderra, partida guztiak irabazi ondoren –hamaika jardunalditan 68 gol sartu eta 3 jaso ditu–, Europan ere agerian utzi du bere nagusitasuna. Champions Leagueko multzoen faseko laugarren jardunaldia jokatuta, bera da neurketa guztiak irabazi dituen talde bakarra.

Ezinik ez dagoela pentsatu nahi du entrenatzaile bizkaitarrak, hala ere, eta bere taldea «garaipenaren aukeran zentratu behar» dela esan du, «oso txikia bada ere. Helburua garaipena eskuratzea izango da eta guregan zentratu behar dugu. Gero, norgehiagokan zehar, helburuak aldatzen joan behar dugula ikusten badugu, aldatuko ditugu, baina irabazteko aukeraren bat izateko moduko partida egin behar dugu». Hau da, «gure bertsiorik onena eman eta egiten ditugun gauzak era ezin hobean egin».

Erasoan izango ditu Iturregik baja guztiak, Monente, Erika eta Nekage geratu baitira etxean.

Real, Alaves eta Eibar, bihar

Bihar beste hiru hitzordu dituzte euskal taldeek. Realak bigarren postuari eutsi nahi dio Madrili egingo dion bisitan, Alavesek Ibaiako garaiezintasunari eutsi nahi dio Valentziaren kontra eta Eibarrek Sporting aurkari zuzena bisitatuko du.