GARA Euskal Herriko egunkaria
SASKIBALOIA - EMAKUMEEN EUROCUPA

Karanbola bati esker, bizirik dirau Gernika Bizkaiak

Asteazkenean galduta, kanpoan zegoela uste arren,hirugarren postuan sailkatu dira bizkaitarrak. Turkiako Çukurova indartsuarekin neurtuko dira,hilaren 15ean Malosten eta 22 edo 23an, Turkian.


Asteazken gauean, La Roche Vendeeren aurka 56-58 galdu ostean, eta Virtus Boloniak Flammes Carolori 63-67 irabazi ostean, Lointek Gernika Bizkaiak Emakumeen Eurocupetik at zirudien. Alabaina, karanbola bati esker lehiaketan jarraitzen du.

Izan ere, asteazken gauean bertan FIBAren 2021/22 denboraldiko Emakumeen Eurocupeko orrialdeko sailkapenean Lointek Gernika Bizkaia hirugarren postuan agertzen zen, Virtus Boloniarekin berdinduta. Nola, ordea? Bizkaitarrek Italian 60-65 irabazi zuten H multzoaren aurreneko jardunaldian, eta laugarrenean, 62-67 galdu. Ustez, averagea berdindurik zegoen horietan garaipenean puntu gehien sartzen zuenak omen zuen lehentasuna, eta irizpide hori errespetatu izan balitz, italiarrek bizkaitarren aurretik beharko zuketen.

Ez zen hala, ordea. Lointek Gernika Bizkaiako prentsa arduradunak berak FIBAko ordezkariei kontsulta egin behar izan zien sailkapena zuzen ote zegoen galdetzeko, eta berandu izanda ere, jaso zuen erantzuna: sailkapena zuzen zegoen.

«Bi talde edo gehiagoren arteko averagea berdinduta balego, taldeek orotara sartu eta jaso dituzten puntu kopurua hobesten da desenpatea burutzeko», zioen erantzunak. Hala, Lointek Gernika Bizkaiak sei partida jokatu ostean, 388 puntu zituen alde eta 408 jaso; -20ko balantzea, alegia. Virtus Boloniak, berriz, 366 puntu alde eta 432 kontra; hau da, -66. Biek bina garaipenekin berdindu zutenez, eta bien arteko averagea ere berdinduta zegoenez, berdinketa hauste horretan gernikarrak garaile.

C multzoko nagusia

H multzoko hirugarren postuarekin, 12 multzoetako 8 hirugarren postu onenetako bat behar zuen talde bizkaitarrak kanporaketetara pasatu behar zuten 32 taldeen artean egoteko. Azkenean, bizkaitarrek 29. postuan itxi zuten multzoen fasea.

Aurkaria ez da badaezpadakoa: Turkiako CBK Mersin Yenisehir Bld –Çukurova Basketbol izenez ezaguna–; C multzoko txapeldun eta nagusia. Sei garaipen beste hainbeste partida jokatu eta gero, 507 puntu alde –partidako 84,5– eta 368 kontra –61,3 batez beste–. Bourges eta Valentzia Basketen atzetik, multzoen faserik onena egin du talde turkiarrak Eurocup honetan.

Kanporaketa honetan puntu diferentziak erabakiko du aurrera zeinek jotzen duen. Hala, hilaren 15ean Malosten jokatuko den joaneko neurketan direnak eta ez direnak egin beharko ditu talde bizkaitarrak. Itzuliko partida astebetera, hilaren 22 edo 23an, izango da, Turkian.

«Eurocupeko talderik gogorrenetakoa da, ziur asko, eta hori jokalari zenbait galdu dituela. Talde oso indartsua da, WNBAko jokalariz betea. Garbi izan behar dugu nolako aukera bistaratu zaigun, eta orain aukera baliatu behar dugu», esan du Itziar Ariztimuño antolatzaileak.

Azkenaldian Quanitra Hollingsworth edo Temi Fagbenle galdu arren, oso jokalari indartsuak ditu. Tiffany Hayes estatubatuarrak 18,7 puntu lortu ditu batez beste, eta bera da taldeko izarra. Berarekin batera, Shavonte Zellous kroaziarrak, –15,7 puntu–, Yvonne Turner hungariarrak –12.7 puntu eta lau asistentzia– eta Kristine Anigwe pibot ingelesak –14 puntu eta 13 errebote– osatzen dute taldearen bizkarrezurra.

Estudiantes, Araskiren aurkari zuzena

Emakumeen Endesa Liga aurreneko itzuliko azken txanpan sartzear dago. Bost jardunaldi falta dira, Koparako txartela emango duen Top 8an sailkatzeko.

Kopara begira aurkari zuzenen arteko dema jokatuko dute, gaur Mendizorrotzan 18.30ean, Kutxabank Araskik eta Estudiantesek. Gernika Bizkaiak –Gironan– eta IDK Euskotrenek –Logroñon, Campus Prometeren aurka– bihar jokatuko dute.

Gasteiztarrek 5-5eko balantzea dute eta egun Top 8 hori ixten dute. Alabaina, azken bi neurketetan jipoi galantak jaso dituzte. Estudiantes, azken hiru neurketak irabazita, ligako bederatzigarren posturaino igo da.

Zenbait jokalarirentzat partida berezia izango da. Kutxabank Araskiko Gracia Alonso hegalekoak azken bi urteak Estudiantesen eman ditu. Beste aldean, Itsaso Conde gasteiztarraz gain, Umi Diallo pibotak 2017tik 2019ra Gasteizen jokatu zuen. Zer esan, bestalde, Laura Quevedori buruz! Bi urtean Madelen Urietaren jokoaren erreferente izan zen. A. G.