GARA Euskal Herriko egunkaria

Nortasuna


Irakasleei aitortza egiteko kanpaina bat abiatu du Eusko Jaurlaritzak eta aurkezpen iragarkian Axi Muniain surflaria agertzen da, Toti Martinez de Lezea eta Ane Igartebururekin batera. Hiru pertsonaia ezagunek esperientzia pertsonaletik abiatuta irakasleek eurengan izan duten eragina azpimarratzen dute.

Muniain spot horretan ikusteak poza eragin dit, hein handi batean surflari moduan egiten ari den ibilbidea aitortzeko modu bat ere bai baita, baina batez ere bere irakasle izan zen Josu Txapartegirekin ikasitakoa gogoratzen entzuteak poztu nau. Txapasek “nortasuna” zer den erakutsi omen zion. Zutabe honetan sarri aipatzen dudan hitza da, nortasunik gabeko surflariei olatu gainean antzematen baitzaie uretatik kanpo aintzat hartzekoak diren edo ez.

Ez nuen irakasle izan Txapas, baina bere semea ikaskide izan nuen urte luzez eta oraindik laguna dut, beraz nahiko ongi ezagutzen dut Pirritx, Porrotx eta Marimototsen eskusoinu jolea. Mila eztabaida izan ditut harekin, eta oraindik ere izaten ditut, baina errespetu handia diet bizi osoan atsedenik hartu gabe euskal nortasuna ereiten lan egin duten, eta egiten jarraitzen duten, urrezko belaunaldiko kideei. Agian horregatik barkatzen dizkidate esaten ditudan astakeriak.

Muniainen hitzetara itzuliz, Euskal Herrian nortasun gehien duen surflarietako bat horrela hitz egiten entzutea oso interesgarria iruditzen zait. Minutu bateko bideoa da, beraz gazteek ikusteko eta entzuteko denbora hartuko duten itxaropena dut. Beste gauza bat da “nortasuna” hitzari eman diezaioketen zentzua. Horretarako dira ezinbestekoak irakasle onak.

Aurten olatu handietako munduko bi txapelketa egingo ditu WSL erakundeak. Bata Mauiko Pe’ahi urautsian izango da, arraun eginaz hartu beharko dituzte olatu erraldoiak lehiakideek. Bestea, Nazaren izango da, Portugalen, eta txapelketa horretan uretako motoen laguntza izango dute surflariek olatuak hartzeko. Axi Muniainek txapelketa horretan parte hartzeko plaza eskuratu du. Jada lorpen itzela da, gutxi baitira halako txapelketa garrantzitsu batean parte har dezaketenak.

Orain zain gaude. Udaberria hasi aitzin Atlantikoak eskain dezakeen itsaski handiena sartzen den unean argi berdea emango dute antolatzaileek eta Euskal Herritik Muniaini babesa ematera joateko autobusa antolatuko da, iazko otsailean bezala, ikurrinekin, txalapartariekin eta baita trikitilariekin ere. Txapasen “kalera kalera” abestia ere abestu beharko dugu Nazareko muinoan giroa apur bat berotzeko. Nortasuna!