GARA Euskal Herriko egunkaria

Osakidetzako azpikontratetako langileak, kalean berriz

Osakidetzako garbiketako azpikontratetako langileak mobilizatu egin ziren atzo, Donostiako Ospitalean, eskubide murrizketaren aurka. Negoziazio mahaiak 38 bilera egin ditu eta enpresen jarrera salatu zuten sindikatuek. Mahaia blokeatuta dutela esan zuten.


LAB, UGT, CCOO eta ESK sindikatuek deituta, Osakidetzako garbiketa-azpikontratetako langileak eskubide murrizketaren aurka mobilizatu ziren atzo, Donostia Ospitalean. Abenduaren 2an Bizkaiko Gurutzetakoan mobilizatu ziren eta 15ean beste horrenbeste egingo dute Txagorritxuko Ospitalean, Gasteizen.

Donostian egindako elkarretaratzean azaldu zutenez, Osakidetzako garbiketako azpikontratetako langileek homologatuta dituzte euren lan baldintzak. «Horren arabera, azpikontratetako langileek Osakidetzako garbitzaileen baldintza berberak izan behar dituzte, baina enpresek ez dizkiete azpikontratatutako langileei Osakidetzako garbitzaileek 2015etik hona izan dituzten hobekuntzak onartu nahi», salatu zuten sindikatuek atzoko elkarretaratzean ere.

Negoziazio mahaiak 38 bilera egin ditu, eta jada enpresen borondatea zein den «argi geratu» da LAB, UGT, CCOO eta ESK sindikatuentzat: «Homologazioa kendu nahi diete langileei. Homologazioa galtzeko arrisku larrian daude».

Gogoratu zutenez, «2018an hasi ziren hitzarmen berria negoziatzen, negoziazio erraza izango zelakoan, Osakidetzako langileekin homologatuta egoteak gai jakin batzuk akordio berrietara egokitzea baino ez baitzekarren berarekin: 2012ko karrera profesionala, lanpostu hutsak betetzeko sistema zabalagoa eta bidezkoagoa, errelebo bidezko erretiroa, Osakidetzako langileentzat onartu berri dituzten baimen eta lizentziak, etab».

Homologazioaren balioa

Sindikatuen arabera, enpresek ez dute hitzarmena gutxieneko edukietan egokitu nahi izan. «Homologazioak ez du esan nahi soilik Osakidetzako langileei aplikatzen zaizkien soldata igoera berak izatea. Homologazioa askoz gehiago da, osagarri berberak, lizentzia berak, lanaldiak luzatzeko aukera berberak, erretiratzeko erraztasun berberak eta abar izatea esan nahi du», nabarmendu zuten.

Horren harira, 2015ean hitzarmena sinatu zutela gogorarazi zuten aurreko astean Gurutzetako Ospitalearen aurrean egindako mobilizazioan. Zehaztu zutenez, homologazio hitzarmena izan zen, baina «badirudi garai hartan homologazioak islatzen zituen baldintza horiek izoztuta utzi nahi dituztela, 2015eko errealitate estankoan».

Izandako bileretan enpresek erakutsitako malgutasunik eza salatu zuten aipaturiko sindikatuek eta mahai blokeatuta zutela nabarmendu zuten.

«Badirudi blokeo hori Osakidetzak berak babesten duela; ez die gure bilera-eskaerei erantzun. Homologazioa kendu nahi digute eta itxita daude ezer egokitzeko», salatu zuten aipatu sindikatuek.

Baieztapen gordina egin zuten langileek mobilizazioan; «txaloak eta aintzatespen-hitzak merezi izan genituen pandemian, baina orain lortu duguna lapurtu nahi digute».

Eskubide murrizketaren kontra egiteko eta «argi eta garbi esateko homologazioa ez dela ukitzen» hilaren 15ean Gasteizko Txagorritxun batzera deitu zuten.