GARA Euskal Herriko egunkaria
LEHEN MAILA

Zuri-gorriak argi eta garbi nagusitu dira bai zelaian bai markagailuan


ATHLETIC 4

ALAVES 1


Athleticek eta Alavesek Lehen Mailan inoiz jokatutako lehen derbia zuri-gorrientzat izan zen. Lezaman lortutako hiru puntuei esker, bizkaitarrek talde zuri-urdina gainditzea lortu dute, sailkapeneko hirugarren postura igoz.

Nabarmena izan zen Athleticen nagusitasuna, batez ere lehen zatian. Golak azkar heldu ziren. Laugarren minutuan, Istillartek aukera ederra sortu zuen eskuinaldetik eta are ederragoa izan zen Yulemaren errematea, baloia, boleaz, zutoinaren albotik sareratuz. Jo ta ke jarraitu zuen Athleticek bigarren golaren bila eta hamar minutu geroago topatu zuen. Luciak ezkerretik pasea eman eta Azkonak egin zuen gola.

Etxekoak ez ziren konformatu eta, Alavesen erreakzioaren faltan, babazorroen arean pilatu ziren aukera guztiak. Oso garbiak kasu batzuetan, baina Cris Cornejo oso fin ibili zin. Atezainaren lan apartak mantendu zuen bizirik mantendu Alaves, eta atsedenaldiko aldaketek. Erosoago sentitu zen taldea bigarren zatian eta jokoa zein markagailua orekatzetik gertu egon zen. 56. minutuan, Miriamek 2-1ekoa sartu zuen penaltiz. Golak Alaves suspertu zuen, baina Athleticek ere hirugarren gola gogoz bilatu zuen. Horri esker, partida orekatu egin zen azkenengo minutuetan. Edozein kasutan, aukera garbienak etxekoenak izan ziren eta, bukaera gerturatu ahala, Athleticen nagusitasuna berriz nabarmendu zen. Markagailuan ere islatu zuten zuri-gorriek, Azkonak eta Luciak azken txanpan sartutako golekin.

Reala eta Eibar

Gaur jokatuko dituzte euren partidak Realak eta Eibarrek. Donostiarrak bigarren postuari eusten saiatuko dira Sporting de Huelvaren kontra, Zubietan (12.00, ETB1). Eibarrek, berriz, Mintxetan hartuko du Granadilla (12.00, RTVC), Unbeko bidea moztuta baitago luizi bategatik.