GARA Euskal Herriko egunkaria

1.000 erreklamazio, Lehen Arretaren defentsan


Osasun Publikoaren Aldeko Herri Ekimenak Lehen Arreta bereziki eta, oro har, osasungintza publikoa indartu eta duintzeko 1.000 erreklamaziotik gora erregistratu zituen atzo Lakuaren Osasun Sailaren egoitzan.

«Euskal osasun sistema publikoa jasaten ari den narriadura salatu nahi dugu, bereziki Lehen Arretarena. Egunetik egunera gero eta egoera okerragoa bizitzen ari gara langile eta sistemaren erabiltzaile garen herritar guztiok: telefonoak kolapsatuta, pertsona helduen zailtasunak tramiteak web orrialdearen bidez egiteko, hitzorduen atzerapenak, aurrez aurreko arretan murrizketak... Egungo arazoetako batzuk besterik ez dira horiek», nabarmendu zuen Osasun Publikoaren Aldeko Herri Ekimenak Donostian egindako agerraldian.

2008ko krisialditik «Osakidetzaren narriadura progresiboa» izaten ari dela azpimarratu zuten. «Gobernuak pandemiarekin aukera paregabea izan zuen behingoz gauzak ondo egiteko. Aldiz, osasun sistema are gehiago okertzeko aukera gisa baliatu du». Horren adibide gisa jarri zituzten azken asteotako pazienteen arretaren planifikazioa eta osasungintzako zerbitzu eta baliabideen antolaketa.

Era berean, Gasteizko Parlamentuan eztabaidatzen ari diren aurrekontuetan osasungintzara bideratuko den diru kopurua «guztiz ez nahikoa» dela azpimarratu zuten. «Europako beste herrialdeekin alderatuta, Osakidetzak aspalditik darama arrastaka ohe kopurua eta osasun langileria. Ez da soilik inbertsio falta edo baliabide faltagatik, osasun langileek pairatzen dituzten gero eta lan baldintza okerragoengatik baizik. Oinarrizko ideia argia da: ezin da kalitatezko zerbitzurik eman lan baldintza duinik gabe».

Egoera konpontzeko «lehentasunezkotzat» jo zuten «behin-behinekotasunarekin bukatzea, jardunaldi partzialarekin bukatzea eta zerbitzuen gainkargarekin bukatzea».

Ildo beretik, «osasun sistemaren pribatizazioaren aurka posizionatzeko unea» dela ere adierazi zuten. «Urgentziazkoa da Lehen Arreta indartzea eta harresi administratibo, telefoniko eta informatikoei muga jartzea, osasunerako eskubide unibertsalean desberdintasunak areagotu egiten baitituzte».

Hori dela-eta, atzo goizean 1.000 erreklamazio orri baino gehiago aurkeztu zituen Osasun Publikoaren Aldeko Herri Ekimenak Lakuaren Osasun Sailean, Donostian, «Gobernuari osasun sistema publiko, doako, kalitatezko eta unibertsal bat bermatzeko beharrezko baliabideak jar ditzan eskatzeko».