16 DéC. 2021 «Ekolurra» bereizgarri berria elikagai ekologikoentzat EAEn ekoiztutako elikagai ekologikoentzako Ekolurra bereizgarria aurkeztu zuten atzo. 707 eragilek dihardute eredu ekologikoan lanean. GARA DONOSTIA Ekolurra bereizgarria daramaten produktuek «bertakotasunarekin, kalitatearekin eta ingurumenarekiko errespetuarekin» lotutako balioak transmititzen dituztela esan zuten atzo egindako aurkezpenean. Ekoizpena modu ekologikoan gauzatzen den lurretan produzitutako elikagaiak dira elikagai ekologikoak, eta Ekolurra bereizgarria duen elikagaia «ekologikoa da, lurrari lotua, nekazaritza-ekoizpen ekologikoaren onura guztiak eta kalitate berezitasuna ematen dioten bestelako ezaugarriak dituena». Elikagaien ekoizpen eta elaboraziorako araudia betetzen du, eta neurri ugari hartu dira Ekolurra balioa bermatzeko. Kalitate estandarrak betetzeko ezarritako neurrien artean daude, esaterako, etiketatzeko eta ontziratzeko baldintzak, ogia egiteko ore amaren, hots, legamia naturalaren erabilera, eraldaketa prozesu batzuetan epeak eta tenperaturak mugatzea edo biltzeko heltze irizpideak ezartzea. Langileen gutxieneko prestakuntza eta hondakinen kudeaketa egokia eta plastikoen erabilera ere horien artean daude. «Nekazaritza ekologikoarentzat aurrerapauso handia da», nabarmendu zuen agerraldian Lakuako Arantxa Tapia sailburuak. Egun, 707 eragilek dihardute eredu ekologikoan lanean. Eta bereizgarritasun hori bertako produktuen aldeko apustua dela uste dute, tokiko merkatuari zuzendua merkaturatzeko zirkuitu laburrak erabiliz. Gainera, ekoizpen eredu ekologikoa landa garapenaren mesedetan jartzeko ariketa ere badela esan zuten, «koherentziaz betea eta bertako elikadura sistemara bideratuta dagoena».