GARA Euskal Herriko egunkaria
ZORROZTARRIA

Katekesiko (h)ura gogoan


Halaxe diote neurgailuek. Hiru aste izan dugu euria goian eta, kasualitatea izan daitekeen arren, denbora berean izan gaitu euriak gu behean. Total, goia eta behea dena bustita. Eguraldian eguraldikoa. Ohikoa, nahiz eta ohiko hori urtero izan ez. Eta ibaiak gainezka, halabeharrez; ohiko ibilgua nahikoa izan ez, are gutxiago estutua utzi dugunean, eta ezohikoa hartu dute ibaiek, oroimena oroimen, beren askatasun-eremu diren lurrak beste behin azpian hartuta. Ama, ama! Ez genuen ba katekesi garaian ikasia uholde-lautada horrena? Erlijioak oso gauza gutxi izan positiboa eta hori ere ahaztua! Kawen!

Mendietan ere hegal asko urez blaitu eta, grabitatea lagun, lurra bizitu eta behera egin, trenbidea zein errepidea mozten. Jakina, halako bideok zuten aurretik hegala bera moztuta! Bada hori, garai bateko politikan kontatzen ziguten hura, akzioa-erreakzioa. Amen! Azkeneko asteotan gogoratu behar izan dugu, berriro ere, natura gauza bizia dela, telebistako dokumentaletik honantzago, gure ingurukoa bera ere, hurbilean sumendi aktiborik egon ez arren. Gure kultura da, seguruenik, jantzia, jasoa eta landua ez dena. Badugu hor zer egin, denborarik bagenu!

Hortaz, Gabonen giroa bueltan, kale argiztatuen tourrean! Jende-ostea nonahi, nonahi horretan zer erosi bada behintzat! Jendetzak kale-ibilgua bete, aldamenekoa ere ibilgu hartu, dendak bizitu, poltsaz blaitu… plastiko-oldea! Koplak dioenez, «honela jarri zuen Jaunaren legeak». Kontuak kontu, «garbiketa» gehiago behar da kaleotan ubideetan baino. Ez, ez ditut Gabonak gustuko. Ez, Gabonek ez naute ni gustuko. Hiri erdiko etorbideko arbolek ez dute fruiturik ematen, argia baizik; berrikuntza gero! Trantsizio energetiko halakoa! Gainezka egiten zaizkit ibilbideko duda-oldeak, zabaldu behar dut kultura-eremua… ezohikoa ohiko eginez…