GARA Euskal Herriko egunkaria

Young Guns 2021


Bi urtetik behin argitaratzen du Quicksilver markak “Young Guns” surf film laburra. Bertan, 17 eta 21 urte arteko surflari “promesak” agertzen dira, aurpegi eta izen “berriak”; beraz, AEBko multinazionalak noren aldeko apustua egin duen ikusteko interesgarria izaten da begiratua egitea.

Aurpegiak eta izenak aldatzen dira, baina funtsean edukia beti berbera izaten da, egileen mundu ikuskera neoliberal eta kolonizatzaileak ez baitu berrikuntzarako tarte handirik uzten. Etengabe tontakeriak egiten ari den gazte multzo irribarretsu bat munduko lekuren batean biltzen da surfean aritzeko, eta bildutako irudiekin film labur bat egiten da.

Azken urteetan, «tokiko kultura» aintzat hartzen saiatu dira, baina alferrik ari dira, mcdonaldsetan hazi diren surflariak mcdonaldsetako kultura sustatzen dutenen zaintzapean baitira. Bisitatzen duten herrialdeko kultura eta ingurugiroa errespetatzen dituztela diote eta ongi eratutako diskurtso politak dituzte, baina ekintzetan kontrako norabidean doaz, sistemaren katebegia olioztatzen duenak ez baitu kontraesanik eta, are gutxiago, kontraesanak izatearen kontzientziarik.

Hossegorren hasten da “Young Guns 2021” filma, “Bay of Biscay” azpititulua duena eta bigarren geldialdia Biarritzen egiten dute. Handik «Espainiara» joaten dira, Ogellako hondartzara. Aldaketa irudikatzeko jarri duten gaztelerazko abestiak pentsamendua irakurri dit: «Que cada vez que vengo me arrepiento, que a mí todo esto no me gusta tanto», abesten dute La Paloma talde madrildarreko musikariek Donibane Lohizunen grabatutako “Siempre así” abestian.

Bizkaiko kostaldea zeharkatu eta Lagako hondartzara lekualdatzen dira eta handik Mundakara. Jatetxe batean sagardoa edaten dute, botilek muturreko zerbitzatzailea izanik ere ez dute asmatzen, baina antza mutiko alai eta inozoen irudi barregarria emateko baliozko irudiak dira. Gero haietako bat mozkortuta eramaten dute hotelera, Mundakako kaleetan zehar, gau lasaiari harrabotsa atereaz.

Bizkaitik Asturias aldera jotzen dute eta han amaitzen da hamabost minutuko filma, zortzi protagonisten arteko adio besarkaden artean. Hawaii, Frantzia, Brasil, Japonia, AEB, Indonesia, Australia eta Tahitiko surflariak dira. Guztiak mutilak. Agian neskak balira film desberdina litzateke, baina ekoizpen hauek nork eta nola egiten dituen ikusita, ez dut uste aldaketa handirik izango litzatekeenik, izan ere, “gaztea” behin bakarrik izan daiteke, baina heldugabea, mugagabeki.