GARA Euskal Herriko egunkaria
KIRGIZISTAN

Kosmos mendi ezezagunakgoi mailako lehen igoera jaso du

Zazpi eguneko joan-etorrian, Victor Koval eta Alexander Gukov errusiarrek Tien-Shan mendilerroan dagoen bostmilako horretakoiparraldeko horman zailtasun handiko bide bat (6B, errusiar eskalan) zabaldu dute. Gainera, mendiaren lehen igoera erdietsi dute.


Kirgizistaneko Tien-Shaneko Kakshaal-Too mendilerroak oraindik ukitu gabe dauden eremu asko ditu. Hain zuzen ere, eskaladarako zein alpinismorako leku paregabea da, besteak beste, mendi eta horma ikusgarriak izateaz gain, igo gabe dauden makina bat proposamen daudelako. Kosmos mendia (5.942 m) horren adibide da.

Bada, Victor Koval eta Alexander Gukov-ek osatutako sokadak bostmilako horren iparraldeko murrua lehen aldiz igotzeko aukera izan du. Irudian ikusten den bezala, hormatzar hori zorrotza baino zorrotzagoa da, eta alpinista errusiar horiek ondo baino hobeto ezagutu dute 2.700 metro horiek zer eskatzen duten. Joan den irailean eta urrian, zazpi eguneko joan-etorrian, mendiaren zein horma horren lehen igoera sinatu zuten. Gainera, estilo alpinoan. Protagonistok zailtasun tekniko oso gogorrei egin behar izan zieten aurre. Oro har, errusiar eskalan, 6B maila eman diote; hots, eskala horretako gorena. Gurean, berriz: ED, WI4.

Laburbilduta, Koval eta Gukovek aurrez aurre izan zuten ia hiru kilometroko ibilbide horretan sekzio oso bertikalak, izotz tarte gogorrak, ertz oso zorrotz bat eta serac beldurgarriak gainditu behar izan zituzten. Horrez gain, azken eskalada egunean haizete indartsuek buruhauste bat baino gehiago eragin zizkieten. Jaitsiera, berriz, ekialdeko ertzetik egin zuten. Itzulera hori ere oso gogorra izan zen.

Baina hurrengo lerrootan, Kovalek berak azalpen gehiago emango dizkigu Kosmos mendiaren lehen igoera horren inguruan.

«Espazio bakarra»

«Duela urte batzuk, nire kide Alexanderrek igo gabe zegoen Kosmos mendiari buruz hitz egin zidan. Iragan udazkenean, berriz, Kirgizistanera bidaiatzea proposatu zidan. Izaera horretako espedizioak atsegin ditugu, gure zaletasunaren muina direlako. Mendiaren osagai guztietan barneratzen zara, hots, bere sekretuetan. Eta une batez munduarekin dituzun lotura guztiak apurtzen dituzu.

»Alexander ikastaro bat ematen ari zen Kirgizistaneko mendietan, eta bakarrik bidaiatu nuen. Ucgitel mendian (4.530 m) girora egokitu ondoren, Kokshaal-Too mendilerrora abiatu ginen. Urte eta erdi lehenago, nire kidea Kosmos mendia esploratzen izan zen. Bostmilako horren iparraldeko hormaren oinarrian egon zen, baina hura eskalatzeari uko egin zion. Nik, aldiz, eremu hori ez nuen ezagutzen, eta onartu behar dut hango mendiek eta paretek zirrara berezia sortzen dutela. Ikaragarria izateaz gain, oso ederra da.

»Dankov mendian sartzeko dagoen zintzurrera autoz eraman gintuzten, eta puntu horretatik aurrera motxilak hartu eta hurbilketa bidea hasi genuen. Zintzur horrek Kosmosen hainbat horma partekatzen ditu, eta lasai asko esan dezaket fase hau espedizio txiki bat bezala izan zela.

»Biharamunean, kanpaleku nagusira heldu, hura antolatu eta murrua aztertu genuen. Lehen balorazioa ez zen batere baikorra izan. Nondik igo daiteke murru arriskutsu hori? Alexanderrek eta biok ezin genion galdera horri erantzun. Hormatzar horren ibilbide nagusiak bi kilometro ditu, eta lehen herenaren gainean dauden serac-ak beldurgarriak dira. Ia une oro erortzen ziren izotz puska erraldoiek traba handia egiten zuten. Ez genekien zer egin; izan ere, sekzio arriskutsu hori gainditzeak egun bateko eskalada eskatzen zigun. Hori gutxi ez, eta oroitzapen latz bat buruan iltzatu zitzaidan. Hain zuzen ere, 1998. urtean, alpinista talde batek, eremu hori zeharkatzen ari zela, istripua izan zuen. Ezbehar horretan Igor Korsun zendu zen.

»Ibilbide seguru bat behar genuen, eta, hainbat alternatiba aztertu ondoren, balizko bide bat aurkitu genuen. Hain justu, hormaren erdialdean badago arrokazko tarte bat, izotz puska erraldoi horiek saihesteko aukera ematen duena.

»Igoera zein jaitsiera ondo begiratu genuen. Bagenekien ia ibilbide osoan izotza nagusi izango zela; alabaina, une jakin batzuetan harkaitza ‘lagun’ izango genuen. Biok ala biok pronto geunden geure xedeari ekiteko, baina bezperako gaua ez zen batere lasaia izan: serac-etatik askatzen zen izotzak egundoko zarata ateratzen zuen. Ez genuen lorik egin.

»Lehen eskalada egunean, oso goiz hasi ginen. Paretara hurbildu bezain laster, elur-jausi bat lehertu zen. Ia esprint batean, babesa eman zigun arrokazko tarte batera heldu ginen. Hurrengo ehunka metroetan urduritasuna biderkatu zen. Beste elur-jausi bat, izotz bloke handiak airean... Zorionez, leku seguru batera iritsi ginen. Bi ordu horietan muturreko arriskua bizi izan genuen. Eroria zuen arrokazko tarte batean bibaka antolatu genuen.

»Beheko sekzio hori bigarren egunean gainditzeko gai izan ginen. Zorionez, korridore batean sartu eta ohiko eskalada martxan jarri zen. Izotz-torloju asko jarri genituen, eta, lan horiek bukatuta, bigarren bibaka plataforma txiki batean antolatu genuen. Dendan sartu eta biharamuneko eguna aztertzen ari ginela, ohartu ginen hirugarren bibaka altxatzeko kilometro batera geundela; hain zuzen ere, mendiaren gailurrerian.

»Irailaren amaiera zenez, soilik hamar orduko argia genuen: goizeko 7etatik arratsaldeko 5ak arte. Beraz, ordu gutxi horiek ondo baino hobeto aprobetxatu behar genituen. Hirugarren eguneko eskalada oso gogorra izan zen, batez ere izotz aldats (70%) gogorrak gainditu behar izan genituelako. Gaua heltzen ari zenez, pioletekin erlaitz txiki bat atontzen hasi ginen. Hankak leher eginda genituen, eta bibaka egiteko une egokia zen. 5.400 metrora ginen.

»Gaua oso deserosoa izan zen, goitik libratzen zen elurra ia gure gainera iristen zelako. Baina biharamunean eraso horiek eten egin ziren. Izotz zein elur aldats tenteak zain genituen. Izotza bukatu, arroka azaldu eta unea zen gailurreria heltzeko. Hara iritsi eta hegoaldean (Txinako isurian) aldapa oso leunak ikusi genituen. Azken lau egun horietan eguzkiak soilik hamabost minutuz bisitatu gintuen. Gainera, oso nekatuta geunden.

»Gailurreko bidean, 5.820 metrora, azken bibaka egin genuen. Haizeteak indartu ziren, eta gailurreriaren azpian babesa hartu behar izan genuen. Gau beldurgarria izan zen. Azken eskalada egunean, haizea baretu eta ertz oso-oso zorrotz batean dena eman genuen. Arratsaldeko 5etan, berriz, gure lehenbiziko helburua, tontorra, patrikan genuen.

»Ekialdeko isuria zain genuen. Lehen 600 metroak rappelatu eta azken gaua igarotzeko bibaka aurkitu ondoren, lasaitu ederra hartu genuen. Soilik bi orduko atsedena izan zen. Deseskalatu, rappel gehiago, bide egokiena bilatu... Hurrengo bi egunak horrela igaro genituen. Gregoriev glaziarra zain genuen, baina hara iritsi eta hura zeharkatzen ari ginela, iragarritako leiho ona amaitu zen. Kanpaleku nagusira heldu eta ekaitza lehertu zen. Zazpi eguneko jarduerari amaiera eman genion».