GARA Euskal Herriko egunkaria
OMENALDIA

Gozatuz eta gozaraziz esan zion agur Oinatz Bengoetxeak Atano III.ari


«Baldintza dok gozatzea». Hori omen da Oinatz Bengoetxeak koadroko gazteei sarrien eman dien gomendioa, edo hala abestu zion behintzat Iñaki Artolak leitzarrari Bilbon. Hori hala bada, azken egunera arte bere izaerari leial izanda agurtuko ditu Bengoetxea VI.ak Euskal Herriko pilotalekuak.

Atano III.ari, bere lehen txapela eskuratu zuen pilotalekuari agur esatea egokitu zitzaion atzo aurrelari biziari eta gozatuz eta gozaraziz agurtu zituen osasun neurriek baimendutakoaren barruan frontoia bete zuten pilotazaleak.

Andoni Aretxabaletak lagunduta, 22-20 galdu zuten Peio Etxeberria eta Bikuñaren aurka, baina esana dugu baldintza gozatzea zela eta halaxe egin ahal izan zuten guztiek partida gogor bezain ikusgarria jokatu baitzuten lau pilotariek.

Eta zer esan ondorengo agurraz. «Naturaltasuna» izan da Oinatzen sekretu bat zaleekin konektatzeko eta horretan atzean geratzen ez zaion beste batek, Andoni Aretxabaletak, jarri zion «saltsa» ekitaldiari mikroa hartu, kantxa erdira irten eta «sigo siendo el rey» grazia apartaz abestuta. Eta ez hori bakarrik, itzal samarrean geratzeko arriskua zuen Jon Erasunen agurrari ere keinu bat egin zion, zizurkildarra fokuen erdira ateraz.