GARA Euskal Herriko egunkaria
FKT

Belen Rodriguezek 50 minutuan hobetu du Cotopaxiko errekorra

Albaceteko mendizaleak Ekuadorreko bigarren mendi garaiena igo eta jaisteko 6 ordu eta 40 minutu beharizan ditu. Denbora horri esker, Cotopaxiko jarduera horretan emakume azkarrena bihurtu da.


Gero eta gehiago dira mendiak ahal bezain denbora laburrenean igo eta jaisten saiatzen diren mendizaleak eta korrikalariak. Izaera horretako jarduerek FKT edo “ezagutzen den denbora azkarrena” izena hartu dute. Eta azken asteotan lan horietan protagonista izan duguna Belen Rodriguez da.

Albaceteko mendizalea Ekuadorreko bigarren mendi garaienean, Cotopaxin (5.897 m), izan da. Eta handik errekor berri batekin itzuli da etxera. Hain zuzen ere, Rodriguezek mendi garai hori igo eta jaisteko 6 ordu eta 40 minutu behar izan ditu. Iparraldeko kontrol gunetik hasi zen, eta aurrean ibilbide gogorra zuen: 35 kilometro eta 2.200 metroko desnibela.

Lerrootako protagonistak 2018. urtean Daniela Sandovalek eginiko marka (7 ordu eta 32 minutu) 50 minutuan hobetu du. Horri esker, Cotopaxiko jarduera horretan emakume azkarrena bihurtu da.

“Helmuga” puntura heldu bezain laster, mendizaleak adierazi zuen zaila baino zailagoa izan zuela errekor berria ezartzea: «3.600 metrora hasi nintzen; hain zuzen ere, gauez. Zeru oskarbiaren eta ilargi betearen laguntzarekin lehen urratsak egin nituen. Cotopaxi nahiko lasai zegoen; alabaina, baldintzak ez ziren erabat onak izan. Gainera, kide batek aholkatu zidan ekinaldi hori ez egitea; izan ere, mendia oso ‘gaizto’ zegoen. Horregatik guztiagatik, den-dena eman behar izan nuen denbora hori egin ahal izateko».

Emakumeen errekorra

Rodriguezek ez zion jaramonik egin lagunak eginiko proposamenari. Ibilgailu bat hartu eta iparraldeko kontrol gunera heldu zen: «Mendi gidari batek irrati bat utzi zidan; mendia igotzen hasi ziren beste lankide batzuekin hartu-emanetan jartzeko. Haiek baieztatu zidaten aurreko egunetan elur-jausi arriskuagatik inor ez zela gailurrera irten, baina jarduera hau egiteko eguna ez zela hain txarra».

Irteera puntua eta aterpea lotzeko 2 ordu eta 25 minutu behar izan zituen; hots, 15 kilometro eta 1.100 metroko desnibela zituen ibilbidea. Beherakoagatik eta urduritasunengatik hamabi minutuko atsedena hartu zuen. Baina ez zuen etsi eta beste bi orduren ondoren, gailurra zapaldu zuen: «Neraman erritmoa oso egokia zen. Gainera, Danielek eginiko denbora hobetzen ari nintzen. Jaitsiera, berriz, oso kontzetratuta egin nuen. Emakumeok errekorrak gainditzen jarraitzen dugu; orain, marka berri bat dugu».