GARA Euskal Herriko egunkaria
SALBUESPENEZKO ESPETXE POLITIKAREN AURKAKO MOBILIZAZIOA

HERRITARREN ENGAIAMENDUA

BERRIRO ERE ASTINALDIA EMATEKO PREST. BI MILA LAGUN ELKARTU ZIREN ATZO BAIONAN, «DENBORA BADOA; ION, JAKES ETA UNAI GUREKIN» LELOPEAN, HIRU PRESO HORIEN ASKATASUNA ETA, ORO HAR, PRESOAK KALERATZEKO BIDEA AZKARTZEKO GOGOZ; PARIS MUGIARAZTEKO ASMOAREKIN, HERRI INDARREZ, BAI ETA DESOBEDIENTZIA ZIBILAREN BIDEZ ERE.


Manifestazioaren amaieran, oholtza gainera 60 bat lagun igo ziren, engaiamendua hartu duten lehen ekintzaileak. Ipar Euskal Herriko hiru herrialdeetakoak, hiru belaunalditakoak, ogibide eta eremu ezberdinetakoak. Michel Veunac Biarrizko auzapez ohia zegoen horien artean. Plazan mahaiak jarri zituzten, pertsona gehiagok izena eman zezaten fase berri eta erabakigarri honetarako.

Anaiz Funosas Bake Bideko lehendakariak eta Jean-Daniel Elichiry Atherbea elkarteko ordezkariak hitza hartzean azaldu zutenez, larunbat honetako mobilizazioarekin iragarritako fase berriak Jon Parot eta Jakes Esnalen askatasuna, Unai Parot ahaztu gabe, lehenbailehen lortzea du helburu. «Fase hau ekintza azkarragoek, determinatuagoek eta ikusgarriagoek markatuko dute. Mailakatzea desobedientzia zibileraino joan daiteke», jakinarazi zuten, jarraian ondorengoa zehazteko: «Ekintza pertsonalak izango dira, kolektibo baten baitan burutuak, publikoki asumituak, gardenak eta bortizkeriarik gabekoak, norberaren eta demokraziaren errespetuan».

Hauteskundeen atarian, Estatuaren maila gorenean entzunak izatea dute helburu, eta atzo bertan otsailaren 18an lehen ekimena egingo dutela iragarri zuten.

Emmanuel Macron presidente frantsesari mezua igorri zioten, duela hiru urte Biarritzen konponbidearen alde egindako adierazpenen ostean izan duen isiltasuna salatu eta gero. «Bake prozesuaren aldeko keinu baikorrik egin ez izanak erakusten digu gure ohiko manifestaldiak eta elkarretaratzeak ez direla nahiko dosierra zureganatu behar duzula konbentzitzeko. Zure ardura da keinu bat egitea», adierazi zioten.

Izan ere, Fiskaltzak Jon Parotekin eta Jakes Esnalekin darabilen jokabidea bidegabea eta umiliagarria dela uste dute. «Biziarteko kartzela inposatuz, heriotza zigorrera kondenatzen ditu Fiskaltzak», salatu zuten.

Paul Bert plazan izan zen mobilizazioaren amaierako ekitaldia, 2017ko apirilaren 8ko armagabetzearen ekitaldiaren leku berean. Izan ere, orduan hasitako bidetik jarraitu nahi dute gaur egun presoen gaia mugiarazteko.

Hiru zutabe izan zituen mobilizazioak, hurrenez hurren, Lauga kiroldegitik, Euskaldunen plazatik eta Reduit plazatik irten zirenak arratsaldeko hirurak pasata zirenean. Hiru zutabeak kale ezberdinetatik sartu ziren plazara. Ibilbide laburrak izan zituzten hirurek, segurtasun neurriak gordez pandemia egoera dela-eta. Hiru lerrotan joan ziren manifestariak zutabe bakoitzean. Covidak, hain zuzen, eragin handia izan zuen antolaketan eta parte-hartzean, azken hau handia izan zen arren. Adibide bat: zutabe bakoitzaren aurretik joaldunak joatea espero zen, baina ez zegoen nahikorik eta bi zutabek soilik izan zuten halakorik.

Reduit plazatik abiatu zen zutabean hautetsiak eta beste ordezkari batzuk bildu ziren. Bertan zen Jean-Rene Etchegaray lehendakaria, baita, beste hainbaten artean, Frederique Espagnac PSko senataria eta Kotte Ecenarro Hendaiako alkatea ere. Urruñako eta Ziburuko auzapez abertzale berriak ere bertan izan ziren, Filipe Aramendi eta Eneko Aldana, hurrenez hurren. Nahiko gauza adierazgarria esan zuen Etchegarayk martxa hasi aurretik: «Ez balira euskal auzi politikoagatik giltzapetuak izan, aspaldi lirateke aske».

Baiona Ttipian barrena aritu ziren manifestariak euskal presoak etxeratzeko aldarriak oihukatzen. Zutabeek ez zuten ohi bezala hasierako pankartarik izan, baina koloretsuak izan ziren, buruan zihoazenek manifestazioaren leloa eta ikurra jasotzen zuten tixertak baitzeramatzaten soinean. Horiek igo ziren taulara amaierako ekitaldian, beren burua dinamika berri baten ekintzaile gisa aurkezteko.