GARA Euskal Herriko egunkaria
OSASUNA

Ausart eta indartsu, garaipenaren bidera itzuli da

Ante Budimir eta Kike Barja izan ziren gorritxoen taldeko golegileak.


OSASUNA 2

CADIZ 0


Irabazi gabe hamar jardunaldi pilatzeak eta Kopatik kanporatua izateak begirada guztiak Osasunaren bolada eskasean zentratu zituen. Kanpotik ere hain giro goibela transmitituta, sekula ez da erraza jokalariek motxila hori askatzea. Baina bi hilabete eta erdi geroago, gorritxoek lortu zuten ligan garaipenaren bidera itzuli eta arnasa sakon hartzea. Eta beraiek ondoen dakiten moduan egin zuten: ausart eta indartsu.

Hirugarren partida jarraian izan zuen Bittor Alkizak taldea zuzentzen –Jagoba Arrasate covid-19ak jota baitago– eta hasieran puntua hartzea kosta egin zitzaion arren, lehen eraso-jokaldia osatu zuenetik, Cadiz baino gehiago izan zen. Gorritxoek 12. minutuan atera zuten lehendabiziko kornerra; ordurako, andaluziarrek, hiru atera zituzten.

Hegaletako jokaldiak funtsezkoak izan ziren Osasunaren benetako sena argitara ateratzeko –are gehiago, hasieratik Kike Garcia eta Budimir gisako errematatzaileak dituzunean–. Cote protagonista bilakatu zen –oso partida serioa egin zuen atzean zein aurrean– eta Nacho Vidalek ere erdiraketa oso on bat bidali zuen Budimirren errematea bilatzeko. Kroaziarraren lehendabiziko errematea ez zen sareetara sartu; bai, ordea, bigarrena, Kike Garciaren pasea baliatuta. Denboraldiko bigarren gola egin zuen kroaziarrak, oso partida txukuna jokatuta –Sadarreko harmailetako txalo zaparrada eraman zuen bigarren zatian ordezkatu zutenean–.

Bigarrena, segidan

81. minutuan utzi zuen zelaia Budimirrek eta ordurako ordu erdia pasea zen Osasunak 2-0ekoa egin zuenetik. Izan ere, bigarren zatia hasi bezain pronto Kike Barjak aldeak handitu zituen. Nahasmena sortu zen Cadizen arean, baloia ezin kanporatuta; halako batean, Budimirrek oina sartu, baloia ukitu eta Barjarengana iritsi zen. Lehendabiziko jaurtiketa Ledesmak gelditu zuen, baina aldaratzeak Osasunako jokalariaren aurpegian jo eta, ezustean, sareetara sartu zen.

Une paregabean egin zituen bi golak talde nafarrak: atsedenaldia iritsi baino 8 minutu lehenago, bata, eta aldageletatik bueltatu eta hirugarren minutura, bestea. “Gol psikologiko” deitzen zaie horiei. Cadizi ez zion lehendabiziko golaren aurrean erreakzionatzeko astirik ere eman –Cerverak Alejo zelairatu zuen atsedenaldian– eta ohartzerako, bigarrena jaso zuen.

Erabat gaindituta antzematen zitzaion talde andaluziarrari. Herrerak ez zuen geldiketa bat bera egin –Cadizek partida osoan ez zuen atera errematatu– eta Osasunaren hirugarren gola gertuago ikusten zen. Unai Garciak eta Budimirrek, Coteren erdiraketa batean, izan zuten garaipena biribiltzeko aukera.