GARA Euskal Herriko egunkaria
ATLETISMOA - 78. JUAN MUGERTZA KROSA

Kipkorir Kimelli lokatzetan garaile

Keniarrak nagusitu dira gizonezko zein emakumezkoetan. Kimellik Yihune gainditu du eta Jebitokek ez die aukerarik eman arerioei.


«Lokatza gustatzen zaigu», adierazi zuen Mintxeta Atletismo Taldeko kide Zigor Diezek, 78. Juan Mugertza Krosa aurkeztu zuen egunean, igandean euria espero zela jakitun. Bai horratik, euria eta lokatza nahi adina izan ziren atzo eguerdian!

Kenyako Nicolas Kipkorir Kimelli izan zen Mintxetan errege, Etiopiako Addisu Yihune gaztea esprint luze bezain gogoangarrian atzean laga eta gero.

Iaz, covid-19aren erruz Mugertza Krosa bertan behera geratu ostean, zaleak asebeteta laga zituen atzoko lasterketak; batez ere, gizonek jokatu zutenak, aurreneko postuetan iritsi ziren guztiek azkeneraino eman baitzuten barruan zekartena.

Hala, Ugandako Roger Kibeti eskerrak eman behar zaizkio, berak hautsi baitzuen lasterketa. Berak jo zuen inork baino gehiago, baina haren erritmoari Kimellik eta Yihunek ederki eutsi zioten, azken itzuliaren hasieran horiek biek mugitzea erabaki zuten arte.

Aldapan gora Kenyakoak sakatzen zuen, eta beheranzkoan Etiopiakoak erantzun. Bigarren jaitsiera luzean Yihunek atzean laga zuen Kimelli, baina atletismo pistara sartu aurreko tarte sigi-sagatsuan kenyarrak bat egin zuen aurkariarekin. Sorbaldaz sorbalda, lokatzetan eta irristaka noiz eroriko ibili ziren biak, esprint luze eta bete-betean murgilduta.

Batak bestea lehertu behar zuen nonbait, eta Kimellik lortu zuen bere helburua, atletismo pista barrura bere burua garaile ikusita sartu baitzen. Baina besteren gainetik, Mugertza Krosak irabazi zuen atzo.

Jebitok, Obiriren oinordekoa

Emakumeen lasterketari dagokionez, Edinah Jebitok kenyarrak hartu zuen Helen Obiriren, 2019 eta 2020 urteetan Elgoibarren garaile izandakoaren, oinordekotza. Azaroan 20 urte bete zituen atleta honek ez zien bere aurkariei aukerarik eman.

«Afrikako armada» hasi eta berehala nabarmendu zen, eta hasiera batean Ugandako Prisca Chesang tiraka aritu bazen ere, ez zuen denbora larregirik behar izan Edinah Jebitok gazteak lasterketa birrintzeko. Beatrice Chebet herrikidea saiatu zen Jebitok harrapatzen, baina kilimarik ere ez zion egin.

Prisca Chesang izan zen hirugarren sailkatua, azken aldera 2017an Elgoibarren garaile izandako Senbefe Teferi etiopiarra asko hurbildu zitzaion arren.