GARA Euskal Herriko egunkaria

Osakidetzako lehen arretaren egoera «jasanezina» salatu dute osasun etxeetan


ELA, Satse, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek deituta elkarretaratzeak egin zituzten atzo Osakidetzako langileek Araba, Bizkai eta Gipuzkoako osasun zentroetan. Lehen mailako arretaren egoera «jasanezina» dela salatu zuten, eta benetako eta berehalako konponbideak eskatu zituzten. Izan ere, adierazi zutenez, «bai langileentzat bai herritarrentzat agerikoa da lehen arreta kolapsatuta dagoela».

Mobilizazioetan nabarmendu zutenez, sindikatuek honako hau eskatzen dute: aurrekontua Europar Batasunaren parera iritsi arte handitzea (BPGaren %7); plantillak berehala indartzea eta giza baliabide nahikoak ematea kategoria guztietan, lanpostu berriak sortuz –1.000 plaza gehiago behar dira, sindikatuen esanetan–; behin-behineko milaka langile finko bihurtzea, eta gehiegizko aldi baterako kontratazioari amaiera ematea; eta lan kargak arrazionalizatzea eta hutsune guztiak lehen egunetik ordezkatzea. Azken finean, lehen mailako arreta lehenesten eta indartzen duen estrategia bat.

Lehendik zetorren egoera

Elkarretaratzeetan salatu zutenez, Osakidetzako lehen mailako arretaren egoera jasangaitza da, bai langileentzat, bai herritarrentzat. «Pandemiak are gehiago tenkatu du lehendik zetorren egoera larria; izan ere, arazoak egiturazkoak dira, eta egungo osasun krisia baino askoz sakonagoak eta zaharragoak», azpimarratu zuten. Alde horretatik, Osakidetzan gertatutako «deshumanizazioa» gaitzetsi zuten: «ez genuen uste, langile faltagatik, kontsultak telefonoz egiten bukatuko genuenik».

Edonola ere, kolektiboaren lan baldintzak eta herritarrei eskaintzen zaien arretaren kalitatea are gehiago prekarizatzeaz gain, covidaren pandemia «murrizketak aplikatzeko eta pazienteak osasun publikora iristea zailtzeko aitzakia» ere bihurtu da, sindikatuen hitzetan.

«Horrek guztiak, planifikaziorik, errefortzurik eta inbertsiorik gabe eta pandemiaren kudeaketak eragindako lan karga handituz, egoera larrian utzi du lehen mailako arreta», gaineratu zuten. Gogora ekarri zutenez, pandemiaren aurretik, langileek hiru greba egun egin zituzten 2019an, inbertsio faltagatik, irisgarritasun murrizketengatik, zerbitzuen eskaintza ezagatik eta profesional eskasiagatik.

«Osakidetzak, orduan, Lehen Mailako Arretako Estrategiari buruzko dokumentu bat jarri zuen mahai gainean, nahikoa ez zela esan genuena, benetako arazoei ez zielako erantzuten», aipatu zuten sindikatuek, eta hau gaineratu: «Baliabide materialak eta profesionalak falta dira, eta, batez ere, apustu argia egin behar da lehen mailako arreta osasun publikora sartzeko lehen atea izan dadin».

Sindikatuen ustez, pandemiaren aurretik eta bitartean konponbiderik ez egoteak agerian uzten du ez zegoela aurreikuspenik, eta ez zegoela ere «borondaterik egoera konpontzeko».

«Ezin dute gehiago»

Baliabide falta dela eta, covidarekin harremana ez duten gaitzen gaineko arreta «abandonatuta» dagoela esan zuten, eta gogora ekarri zuten iragan urrian, oraindik pandemia egoeran egon arren, Osakidetzak «lau mila profesionalei uko egin» ziela. «Horrelako erabakiak ulergaitzak dira».

«Jendea oso nekatuta» dagoela azaldu zuten, eta horren ondorioz langile askok baja hartu behar izan dutela, «ezin dutelako gehiago», bai lehen arretan, baita ospitaleetan ere. Gainera, aipatu zutenez, baja hartzen dutenen lanpostu asko ez dira betetzen, eta horrek gainerakoen lan karga handitzen du.

Bestetik, Osakidetzako sindikatuek dagoeneko erretiratuta dauden pertsonak kontratatzea «partxe» bat besterik ez dela diote, agian lehen olatuan zentzua izan zezakeena, egoera hura berria zelako, baina orain «formakuntza bukatu berri duten eta etorkizunean lan egin dezaketen» gazteak kontratatu behar direla diote.