GARA Euskal Herriko egunkaria
SASKIBALOIA - ACB LIGA

Koparako txartela izango du jokoan Lugon Baskoniak

Gaur arratsaldeko partidaz gain, igandean Burgosi ere derrigor irabazi behar dio.


Bitci Baskoniak hiru partida jokatuko ditu asteon. Hasteko, gaur arratsaldean, 19.00etan, Lugon, Breoganen aurka. Horren ostean, domekan San Pablo Burgosen aurka Buesa Arena pabiloian eta bitartean, ostiralean, Municheko Bayern izango da Gasteizen Euroligako dema jokatzera etorrita.

Alabaina, behingoagatik ACB Ligako neurketek Euroligakoak baino garrantzi handiagoa izango dute. Izan ere, bai gaurkoa eta baita igandekoa ere aurreneko itzuliko azken bi jardunaldiak baitira, bere garaian atzeratu beharreko jardunaldiak, hain zuzen, covid-19a dela eta bertan behera laga beharrekoak.

Kontua honakoa da: Granadan otsailaren 17tik 20ra bitartean jokatuko den Kopa txapelketa jokatzeko gasteiztarrek ACB Ligako partida biak irabazi behar dituzte. Saski Baskoniak 8-7ko balantzeaz jarraitzen du aurreneko itzulia amaitzeko bi jardunaldiren faltan; hau da, %53,3ko garaipen portzentajearekin. Lugoko Breoganek ere garaipen balantze berbera dauka eta Kopako sailkapenean aurkari zuzena da; beraz, kale egiteko inolako tarterik ez dauka talde gasteiztarrak.

Ez gaur, ezta domekan ere, nahiz eta San Pablo Burgos ACB Ligako azken-aurreko postuan dagoen sailkaturik.

«Talentu handiko taldea da gurea, baina behar baino gehiagotan erlaxatu egiten da, eta hori ezin da berriz gertatu», onartu zuen Neven Spahijak Lugoko partidaren bezperan eginiko adierazpenetan.

«Andorran eta Real Madrilen aurka ez ginen behar bezala sartu kantxara. Aldiz, gure jokoa egiten hasten garenean, gure erritmoan jokatuz ekiten diogunean, nornahiren aurka lehiakorrak gara», gaineratu zuen Sibenikeko entrenatzaileak.

Gernikaren partida bertan behera

Emakumeen Endesa Ligari dagokionez, edizioa ixteko orduan IDK Euskotren Teneriferen kantxan jokatzen ari zen, neurketa irabaziz gero Emakumeen Koparako sailkapena eskuratzeko aukera handiekin.

Tamalez, ezin gauza bera esan Lointek Gernika Bizkaiari buruz. Gaur gauean Maloste kiroldegian Leganesen aurka jokatu behar zuen, baina talde madrildarra covid-19ak jo berri du. Antza, sei kasu positibo azaldu dira Leganeseko jokalarien artean eta, bada, atzeratu egin beharko da neurketa.

Hauxe da segidan talde bizkaitarrak atzeratu beharra izan duen seigarren neurketa. Aurrez Campus Promete, Cadi La Seu, Kanaria Handia, Tenerife eta Perfumerias Avenidaren aurkako demak bertan behera utzi behar izan ditu Mario Lopezen taldeak.

Izan ere, Lointek Gernika Bizkaiak ez du abenduaren 11tik aurrera ligako partidarik jokatu ahal izan. Orduko hartan Benbibreren aurka 57-73 galdu zuten gernikarrek.

Hala, talde bizkaitarrak Ligako sailkapenean 7-5eko balantzearekin jarraitzen du –esaterako, neurketa guztiak jokatzea lortzen ari den Zaragozak baino bost partida gutxiago daramatza– eta, ondorioz, sailkapeneko hamargarren posturaino jaitsi da, Kopako postuetatik kanpora.

Endesa Ligak aurreneko itzulia amaitzeko epemuga otsailaren 26an ezarri du, Valentzian jokatu beharreko Kopa martxoaren 24tik 27ra jokatuko baita.

Alabaina, tartean «FIBA Leihoak» ere izango dituzte taldeek, baita bigarren itzuliko neurketak ere. Esaterako, domeka honetan, hilaren 23a, gernikarrek IDK Euskotrenen kantxan jokatu beharko dute bigarren itzuliko aurreneko euskal derbia, 12.00etan hasita.