GARA Euskal Herriko egunkaria
ESKUBALOIA

Bera Berak Sagunton estreinatuko du urtea; Zuazoren lehia, atzeratuta


Joan den asteburuan berrabiatu zen Ohorezko Maila kasik bi hilabeteko etenaldiaren ostean. Bera Berak, ordea, ez zuen partidarik jokatu aurkari zuen Zonzamas taldean zenbait covid-19 kasu positibo atzeman zirelako. Hala, gogoz geratu ziren donostiarrak. Gogo horiek pistaratzeko aukera izango dute gaur bertan Sagunton, Morvedreren aurka (19.30etan). Imanol Alvarez entrenatzaileak aste hasieran koronabirusa hartu eta ezin izango du bidaiatu. Hala, Alex Noguesek zuzenduko du taldea. Malena Cavoren eboluzioaren zain, talde osoarekin bidaiatuko du. 

Jaitsiera postuak atzean uzteko borroka betean dago Morvedre, salbaziotik puntu batera, bera baino okerrago dauden hiru taldeen aurka garaipen bana eskuratuta. Erronka zaila izango du, Bera Berak 2019ko maiatzetik ez baitaki zer den ligako partida bat galtzea.

Zuazok garrantzi handiko dema jokatu behar zuen Tenerifen, azken-aurreko sailkatuaren aurka, baina aurkarien artean dauden covid-19 kasuengatik atzeratu egin dute.