26 JAN. 2022 Hegazti gripea gelditzeko bide bakarra ezin da izan kabalak hiltzea ELBrentzat GARA BAIONA Hegazti gripearen aurrean Parisko Gobernuak proposatzen duen irtenbide bakarra «Frantzia hego-mendebaldeko kabala guzien hiltzea» dela salatu zuen atzo ELB Euskal Herriko Laborarien Batasunak. Laborantza Ministerioak jarritako irizpideak jarraituz ondoko egunetan 2,5 milioi oilo, oilasko eta ahate hilko dituztela ohartarazi zuen ELBk. Orain arte milioi bat kabala hil dituzte gaitzari aurre egiteko asmoz. Gauzak horrela, joan zen urtean hildako hegaztien kopurua berdintzeko bidean gaudela nabarmendu zuen. Azken bospasei urteotan hegazti gripearen krisiak bata bestearen atzetik kateatu direla oroitarazi zuen ELBk. Krisi horietan guztietan laborantza alorreko arduradunek eta sail profesionaletako ordezkariek kabalen sakrifizioa hobetsi dutela agerian jarri zuen ELBk. Larunbatean, Donapaleun ELBk atzo plazaratutako agiri batean salatu zuenez, baina, kanpoko hazkuntza sakrifikatuz hegazti industriak iraunen zuela sinetsarazi nahi zuten aurreikuspenek porrot egin dute. Hori dela eta, beste mobilizazio baterako deia egin du, hilaren 29an, 14.00etan, Donapaleun. ELB sindikatuak nabarmendu zuenez, «ekoizteko modelo industrial batendako sorturiko biosegurtasun neurriak ezin dira hazkuntza guzietan berdin aplikatu». Gisa berean, hegazti gripearen krisia ezin dela «lurralde guztietan berdin kudeatu» uste du. Era berean, txertaketaren gaineko zalantzak ere agertu zituen ELBk. Izan ere, esandakoaren arabera, orain arteko esperientziak kutsatzea ez hedatzeko orduan emaitzak «apalak» direla erakutsi du. Bestalde, sindikatuak argiki erran zuenez, «laborantza herrikoiaren defendatzaile gisa, kalitatearen eta kabalen ongizatearen hautua egiteagatik laborariak zigortuak izatea ezin da onartu». Ildo horretan, ELBren ustez, «etxaldeen eta hazkuntzen industrializazioa gelditu behar da». Azkenik, laborariek ezin dituztela behin eta berriro «krisi hauen aitzinean eginiko kudeaketa txarraren ondorioak ordaindu» gaineratu zuen ELBk.