GARA Euskal Herriko egunkaria
KOLABORAZIOA

Jule Gabilondo, «Maite»


Mungiako Trobika kaleko 12.ean jaio zen Joan Gabilondo eta Idoia Leonor Arruza-Zabalaren alaba, Jule (Julia Klaudia), 1902ko urtarrilaren 29an. Hiru urte beranduago, Estepan, urkiaga-basaraztarren semea, handik kilometro gutxira munduratu zen.

Jule eta Estepan, belaunaldi-kide eta herrikide izateaz gain, elkar ezagutu eta biak ala biak herri-egitasmo berberaren alde engaiatu ziren. Aldiz, Estepanen ibilbide eta figuraren zenbait mugarri aski ezagunak zaizkigun bitartean, 120 urte beranduago, Jule Gabilondoren oihartzuna nabarmen galdu da, baita bere jaioterrian ere.

Iñake ahizparekin batera denda bateko arduradun zen Mungian, baina Juleren bizimodua bestelako nahiek betetzen zuten. Izan ere, gaztetatik idazmenerako abilezia erakutsi zuen eta 1930ean “Euskal Esnalea” aldizkariaren saria irabazi zuen “Gizona ala emakumea? Zein da kementsuagoa?” testuarekin. Ordutik aurrera, sarri idatzi zuen garaiko hedabide desberdinetan, «Maite» ezizena erabiliz. Beti euskaraz (bizkaieraz), gai berdintsuen bueltan aritu izan zen, Lauaxetaren gonbita onartuz “Euzkadi”-ko orrialdeetan zein “Eguna” egunkarian beranduago. Tokiko kronikak egiten zituenean ere bere konpromiso politikoa agerian uzten zuen euskara edo abertzaletasunaz, eta bere pentsamolde eta mundu ikuskeratik emakumeak horien transmisioan jokatu behar zuen paperaz bilorik gabe idazten zuen bakoitzean. Hori atzeman daiteke, besteak beste, 1933an, autobusean lau egunez Euskal Herriko zazpi herrialdeetan barrena egindako txangoan izandako bizipenei buruz “Euzkadi” egunkarian idatzi zituenetan.

Baina artikuluez harago, Julek bere idealen alde beste esparru batzuetan ere lan handia egin zuen Emakume Abertzaleen Batzako kide aktibo gisa. Ohikoa zen eskualdeko herri ekimen zein ekitaldi kulturaletan inplikatuta ikustea eta gerra aurreko urteetan harat-honat aritu zen hizlari.

Gauzak horrela, gerra betean doktrinamendu ideologikotik hurbil zeuden artikulu sutsuak idazteari ekin zion 1937an zehar argitaratu zen “Eguna” euskarazko lehen egunkarian. Faxisten garaipenarekin, Jule Gabilondok lehenik Santanderrera eta handik gero Ipar Euskal Herrira alde egin behar izan zuen. Itzultzeko aukera izan zuenean Lazkaora, Beasainera eta azkenik Donostiara egin zuen. Eta 92 urte betetzear zela, bertan hil zen 1994ko urtarrilaren 1ean.

Faxistek Bilbora sartzean “Eguna” eten zuten bezala, eten zituzten baita Lauaxeta eta beste askoren biziak, eten zituzten Jule eta besteen lumak eta, oro har, eten zuten belaunaldi hura sortzen ari zen mundua. Ondorengooi dagokigu ondare eta izpiritu hori ezabatzen ez uztea, suspertzea eta nahi dugun etorkizuna eraikitzea.