GARA Euskal Herriko egunkaria
EDITORIALA

Europar Batasunak iparra galdu du erabat


Europako Batzordeak atzo baieztatu zuen energia nuklearra eta gas naturala «inbertsio berdeen» sailkapenean mantenduko dituela, energia garbietarako trantsizioari ekiteko «beharrezkoak» direla uste duelako. Horrela, hasierako proposamenari eusten dio, hainbat herrialdetan eta erakunde ekologisten artean kritikak eragin zituen arren. Europako Batzordea aholkatzen duen adituen batzordeak ere txosten kritikoa egin zuen, baina ez da nahikoa izan erabaki polemikoa aldatzeko. Oso zaila izango da estatukideen artean Batzordearen erabakia aldatzeko beharrezkoak diren gehiengo kualifikatuak lortzea. Era berean, ez da erraza izango Europako Parlamentuaren gehiengo soilak proposamena bertan behera uztea.

Energia nuklearra eta gas naturala «inbertsio berdeen» artean sartzea Europar Batasuna larrialdi klimatikoari aurre egiteko erabiltzen ari den logikaren ondorio da. Batzordeak «energia garbiaren» ekoizpena handitzearen alde egin zuen hasieratik eta energia kontsumoaren eredua berrikusteko beharra baztertu zuen. Alemaniako Energia eta Klima Gaietarako ministro berriak planteatu bezala, oso kutsakorrak diren jarduera jakin batzuk murriztea –garraioan bereziki– eta energia eraginkortasuna hobetzea ere baztertu zuen. Energia gehiago kontsumitzeak mota guztietako teknologietan inbertsioak handitzea esan nahi du; inoiz ez dira nahikoa izango eskaera gero eta handiagoa bada. Logika horren barruan, lobby bakoitzak energia elektrikoa ekoizteko bultzatzen duen sistema «berde» edo «trantsiziokotzat» jo nahi du, inbertsio horiek Batzordearen babes politikoa izan dezaten. Eta, azkenean, lortu egiten du; izan ere, Finantza Zerbitzuen komisarioak atzo adierazi bezala, Batzordearen proposamenak alde bakoitzaren iritzien arteko «oreka» islatzen du.

Hori, baina, zentzu onari eta larrialdi klimatikoari aurre egiteko konpromisoari iseka egitea da. Nuklearra bezalako energia kutsagarri eta arriskutsu bat «berdetzat» jo badaiteke Bruselako sare burokratikoan, horrek esan nahi du Europar Batasuna korporazio handien menpe dagoela.