GARA Euskal Herriko egunkaria

Euskal gehiengo sindikala lan erreformaren aurka mobilizatu da beste behin


Euskal gehiengo sindikala Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan ez ezik, lantokietan ere bildu zen atzo, hain zuzen ere gaur Kongresuan bozkatzekoa den lan erreformaren indargabetzea eskatzeko eta lan harremanetarako euskal esparrua defendatzeko. Bozketa horren bezperan, ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek mobilizazioak antolatu zituzten lurralde osoan. Bilboko elkarretaratzean, Pello Igeregi ELAko negoziazio kolektiboko arduradunak nabarmendu zuen gaur bozkatuko den erreforma ez dela langileek behar dutena. «Erreforma honek ez kaleratzeei, ez negoziazio kolektiboaren estatalizazioari» ez diela aurre egiten kritikatu zuen Igeregik.

Halaber, ELAko negoziazio kolektiboko arduradunak gaitzetsi zuen Ciudadanos alderdia «funtsezko elementua» izatea lan erreforma aurrera ateratzeko. «Langileen lan baldintzen kontra proposamen basatiak dauzkan alderdi batek baiezkoa ematen baldin badio erreforma honi, argi geratzen da benetan erreforma hau ez dela euskal langileek behar duten erreforma». Horregatik, «ezinbestekotzat» jo zuen EH Bilduk eta EAJk aurkako botoa ematea, «etorkizunean Gobernuak berriro haiengana jotzen duenean aukera izan dezaten lan erreformaren gaia mahai gainean jartzeko», eta «Euskal Herriko langileentzat daukan garrantzia» aintzat har dezatela eskatu zien.

Bestalde, LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk aldarrikatu zuen «azken momentura arte presio egiten» jarraitu behar dela erreforma hau «aurrera atera ez dadin». Izan ere, bere horretan onartuz gero, bere esanetan, «patronalarentzat garaipen argi bat izango da, eta langileok izango gara galtzaile aterako garenak». Horrekin batera, Aranburuk nabarmendu zuen auzi honetan larriena dela PSOEk eta Podemosek osatzen duten Gobernuaren babesa duela langileentzat onuragarria ez den akordio horrek. «Langileen eskubideak berreskuratzeaz ari garenean Gobernu honek bere hitza jan du eta langileei iruzur egin die». Ildo horretatik, apustu argi bat egin behar dela esan zuen LABeko idazkari nagusiak: «Euskal Herrian egin behar dugu posible Madrilen posible ez den hori, Euskal Herrian bestelako indar korrelazio batzuk ditugulako». Aranbururen iritziz, Euskal Herriak bere bidea egin behar du: «Praktika subiranista bat garatzea tokatzen zaigu lan harremanetarako eta babes sozialerako marko propio bat erdietsi arte. Autogobernuaren mugak agerian gelditu dira berriro negoziazio honetan».

Lakuako eta Iruñeko Gobernuei dagokienez, sindikatuek eskatu zieten «ikusle izateari» utz diezaiotela eta «lan harremanetarako esparru propioa eratzeko urratsak» egin ditzatela, «euskal langileon lan eta bizi baldintzen inguruko erabakiak hemen bertan hartu ahal izateko».