03 FéV. 2022 AZKEN PUNTUA Meat Loaf Aitziber Pz. Karkamo Kazetaria Meat Loaf taldeko abeslariaren heriotzarekin esnatu ginen iragan astean. Maite dituzun talde kutunenak desagertzeak denboraren igarotzeaz kontziente izateko balio digu. Oraingoan, nostalgiarekin batera, errealitateari neurria hartzeko balio izan dit albisteak. «Haragi zatia» ezizena jarri zion heziketa fisikoko irakasleak Michaeli Lee Aday abeslariari. Nerabezaro gordinetik abiatuz jarri zioten Meat Loaf izena rock talde mitikoari. Michelek eskola garai gogorrari buelta eman eta sekulako zukua atera dio urte luzez jazotakoari, haur eta nerabe zela pairatu zituen irainei aurre egitea lortuz. Zoritxarrez, beste askotan ez da horrelakorik gertatzen. Azken bi urteotako datuak jasoz egiten ari diren ikerketa denen arabera, izugarri handitu da beren buruaz beste egitea erabakitzen duten haur eta nerabe kopurua. “Bat Out of Hell” du izenburu Meat Loafen diskorik arrakastatsuenak. Infernuko saguzarra. Pandemia animalia horrek zabaldu ote zuen galdetzen dugun bitartean, infernu bilakatu dira gazte askoren bizitzak eta ez dugu neurria eman. Osasun sistema publikoaren gabeziak agerian geratu diren honetan, buruko osasuna izaten ari da honen biktima zuzena. Meat Loafen “Heaven can wait” kantuarekin akordatu naiz. Haur eta gazte askorentzat zeruak itxaron behar duelako, jar daitezen baliabide denak beharrezkoak diren zerbitzuetan.