GARA Euskal Herriko egunkaria

Mendebaldeko Afrikak estatu-kolpeen kutsatseaz ohartarazi du


Mendebaldeko Afrikako Estatuen Ekonomia Erkidegoko (Ecowas) presidenteak, Ghanako estatuburu Nana Akufo-Addo-k, eskualdeko estatu-kolpeen «kutsatzeaz» ohartarazi zuen atzo, duela bi egun Ginea Bissaun huts egin duen estatu-kolpearen ondoren. Eskualde horretan 2020ko abuztutik lau kolpe arrakastatsu izan dira.

Akkran, hamabost estatuk osatzen duten Ecowas-eko buruzagien ezohiko goi-bileran, Akufo-Addok bere kezka adierazi zuen «Maliko esku-hartze militarraren ondorioz eskualdean sortzen ari diren mehatxuengatik, Ginea (Konakry) eta Burkina Fasora zabalduta».

Ghanako agintariak gogora ekarri zuen iragan asteartean Ginea Bissaun huts egin zuen estatu-kolpe saiakera, eta Umaro Sissoco Embalo gineabissautar presidentea txalotu zuen, «Errepublikako erakunde demokratikoen indarrari eusteagatik».

Akufo-Addok ohartarazi zuen «joera arriskutsua» dela, eta «modu kolektiboan eta erabakigarrian» egin behar zaiola aurre, «eskualde osoa suntsitu baino lehen». 2020ko abuztuan Malik bi estatu-kolpe jasan zituen, Gineak beste bat 2021eko irailean, eta beste bat Burkina Fasok, joan den urtarrilaren 24an.

Hala ere, Ecowasek erabaki zuen Burkina Fasori estatu-kolpeagatik zigorrik ez ezartzea, baina «trantsizio laburra» eta Roch Kabore presidentea askatzea eskatu du.

«Aukera emango diegu», azaldu zuen Shirley Ayorkor Botchwey-k, Ghanako Atzerri ministroak, bileraren ondoren.

Ecowasek ezohiko goi-bilera egin zuen urtarrilaren 28an, estatu-kolpearen ondoren Burkina Fasoren egoera aztertzeko. Bilera horretan, herrialdea bere erakundeetatik kentzea erabaki zuen, eta bi misio –militarra eta politikoa– bidali zituen Uagadugu hiriburura kolpistekin hitz egiteko. Militarrek hilaren 24an Kabore presidentea kargutik kendu, Gobernua eta Parlamentua desegin eta Konstituzioa bertan behera utzi zuten (urtarrilaren 31n berrezarri zuten partzialki)