GARA Euskal Herriko egunkaria
PARISKO ARTE MODERNOKO MUSEOKO

Parisko abangoardia artistikoak mundua hankaz gora jarri zuenekoa

Errenazimentutik indarrean zeuden perspektiba-arauak hautsi zituen Parisko abangoardiak. Agur betiko erretratu, paisaia edo natura hilei, kaixo koloreei, zertzelada azkarrei, subkontzienteari. Bi mundu gerren arteko garaian Paris mundu osoko artisten elkargune bihurtu zen. Abangoardiston 70 maisulan Bilbon daude ikusgai maiatzera arte.


Eliseoko Zelaien eta Eiffel dorrearen artean dago Parisko Arte Modernoko Museoa, Tokio jauregian. Eraikina Sena ibaiari begira dagoen XX. mendeko 30eko hamarkadako arkitekturaren adierazle ederra da, eta altxor ederrak gordetzen ditu, “Argiaren Hiriara” gerturatzen diren milioika bisitarietako gehienek ez jakin arren. Hori bai, artearen munduan museo garrantzitsua da Pariskoa eta XX. eta XXI. mendeetako arte garaikideko 15.000 artelanek osatutako funts interesgarria dauka. Horren adierazle, 2010eko maiatzaren 20an medio guztietara iritsi zen lapurreta: film bateko gidoia zirudien, gau bakarrean Picasso, Matisse, Braque, Modigliani eta Fernand Legerren hainbat obra lapurtu zituztelako. Lapurrak atxilotu egin zituzten, baina artelanak ez dira sekula agertu. 1937ko Nazioarteko Erakusketarako egindako eraikinak gordetzen dituen dituen istorioetako bat besterik ez da.

Bada, Bilboko Guggenheim Museoak, aurten 25. urteurrena betetzen duela baliatuta, Parisko museoko funtsen aukeraketa zabala ekarri du gurera. Ez da ohikoa lan horiek Paristik ateratzea eta Estatu espainiarrean ikusgai jartzen diren lehendabiziko aldia izango da. Erakusketa “Fauvismotik surrealismora: Parisko Musée d’Art Moderneko maisulanak” deitzen da, eta gaurtik maiatzaren 22ra arte egongo da ikusgai Bizkaiko hiriburuan. «Hain justu, bi urtez nahiko aztoratuta izan dugun normaltasuna berreskuratzeko borondatea erakustea dugu xede erakusketa honekin», aipatu zuen atzo Juan Ignacio Vidarte Bilboko Guggenheim Museoko zuzendariak erakusketaren inaugurazio ekitaldian.

Hioru dira erakusketaren komisarioak: Parisko Arte Modernoko Museoko zuzendari Fabrice Hergo eta arte arduradun Helene Leroy eta Bilboko Guggenheimeko arte arduradun Geaninne Gutierrez-Guimarães. Erakusketa kronologikoki antolatuta dago, eta XX. mendearen hasieratik Bigarren Mundu Gerraren osteko urteetara bitarteko epea hartzen du hiru ataletan banatuta. Helburua, berriz, bi mundu gerren arteko garaiko funtsezko arte mugimenduetako protagonista entzutetsuenen ikuspegi historikoa eskaintzea da. Interes berezia du emakume artisten garrantzia azaleratzeko egindako saiakerak. Mugimenduon gainean ematen diren zenbait ikuspegi berritzaile ere aipatzekoak dira, esaterako, Helene Leroy komisarioaren esanetan, «surrealismoa, mugimendua bezala, ez zen Bigarren Mundu Gerran amaitu, 60ko hamarkadara arte izan zuen eragina. Jende gehienak ez du horren berri, baina asko luzatu zen surrealismoaren eragina».

Erakusketak, hasteko, fauvismoko eta kubismoko zenbait lan adierazgarri aurkezten ditu. Lanon ausardiak eta askatasunak artea goitik behera eraldatu zuten, paisaiaren, giza figuraren eta natura hilen ohiko pertzepzioa aldatuz. Ondoren, Parisko arte eszena biziak erakarrita munduko txoko guztietatik bertara heldutako sortzaileen lanak dakarzkigu erakusketak; artistok “Parisko Eskola” sortu zuten bi mundu gerren arteko urteetan garaiko zenbait artista frantsesekin batera. Amaitzeko, surrealismoari loturiko sortzaileen lanak daude ikusgai. Mugimendu horrek Paris izan zuen hiriburu historiko, eta Andre Breton poeta izan zuen buru hasiera-hasieratik.

Egileen istorioak

Erabat kosmopolita zen Paris XX. mendeko 20ko eta 30eko hamarkadetan. Artista atzerritarrak sarri joaten ziren bertara, eta, horren erakusle, erakusketan toki oso ezberdinetako artisten lanak daude: Marc Chagall, Chana Orloff, Chaim Soutine eta Ossip Zadkine errusiarrak; Jules Pascin bulgariarra; Amedeo Modigliani italiarra; Maria Blanchard espainiarra; Kees van Dongen herbeheretarra; Leonard Foujita japoniarra...

Bilbora “etorri” diren artelanen artean Modiglianiren “Begi urdineko emakumea” lan ikonikoa dago. Badirudi bere bikotekide izandako Jean Hebuterne izan daitekeela guri so dagoen emakumea. Chagallen “La rêve” (1927) ospetsua ere Bilbon dago. Lan koloretsua da, amets batean sartzen zaituena: astoaren eta untxiaren arteko nahasketa dirudien aberearen gainean erdi biluzik den andrea zein mamuren aurka ari da borrokan?

Man Ray estatubatuarraren 1931. urteko “Électricité” esperimentu aitzindari eta ospetsua aurrez aurre ikustea ere bitxia da oso. Kamerarik gabe ateratako irudiak dira eta elektrizitatea langileen etxeetara eramateko publizitate kanpaina baterako egin zituen Rayk.

Merezi du margolanen artean denbora hartzeak, baita, artelanetatik harago, egileen ibilbideetan ere erreparatzeak. Fabrice Hergottek azaldu zuenez, ikuspegi berri bat eskaini nahi izan dutenez, emakumeen ekarpena nabarmendu dute. Horren adibide da Maria Blanchard. Santanderren jaio zen Blanchard, eta, Hergotten hitzetan, «kalitate handiko artista izan zen, gutxietsita egon bada ere. Oso egile originala izan zen eta merezi du bere lanak berreskuratzeak». Kubismoa muturretara eraman zuen, «pixka bat basatia» den estiloarekin. Garaiko punka izango al zen? Beste emakume batzuk ere aurkituko ditugu: Dorothea Tanning estatubatuarra emakumeen unibertsoari buruzko lan kitzikagarriekin, Natalia Gontxarova errusiarra...

Roberto Matta, euskal jatorriko artista txiletarra

Parisko Arte Modernoko Museoaren funts gehienak bildumagile partikularren dohaintzak dira. Esaterako, museoaren pieza baliotsuenetakoak 1953an Maurice Girardin doktoreak emandako 500 artelan dira. Bere etxeko zuri-beltzezko argazkietan agertzen diren margolanez jositako paretetan Matisse, Braque, Lipchitz... bezalako maisuen lanak ikus daitezke. Beste artelan batzuk museoak erositakoak dira, Roberto Mattaren “L’impensable” (1958) kasu. Horixe da museoak eskuratu ahal izan duen euskal jatorriko txiletar egile handiaren lan bakarra. Roberto Sebastian Antonio Matta Echaurren (Santiago, Txile, 1911ko azaroaren 11-Civitavecchia, Italia, 2002ko azaroaren 23a) artistaren ama Ipar Euskal Herrikoa zen. Beti jo zuen bere burua euskalduntzat. Txileko artista ospetsuenetarikoa da, eta espresionismo abstraktua eta surrealismoa landu zituen. Bere bizitzak ere, nobela batetik ateratakoa dirudi: arkitektura ikasle zela, 1933an Parisera jo zuen Le Corbusierrekin ikastera. Bertan Dali eta Breton ezagutu eta surrealista bihurtu zen. Buelta asko eman zituen bai geografikoki bai artistikoki bere bizitzan zehar, hori bai, beti mantendu zen Allenderi eta Kubako iraultzari leial. A. E.