GARA Euskal Herriko egunkaria
ALPEAK

Amets bat bete dute Peuterey-ko Integralean

Martin Eliasek eta Iker Madozek bost egun behar izan dituzte Mont Blanc mendiguneko ertz luze eta erakargarri hori egiteko. Alpinistokantizikloi sendo bat aprobetxatu zuten, eta, oro har, baldintza onak izan zituzten. Maila pertsonalean pozik daude eginiko jarduerarekin.


Alpinismoaren pasarte aipagarrienak irakurtzean, oro har, irakurlearen barruan zerbait pizten da. Eskuarki, ametsak nagusitzen dira. Batzuentzat egingarriak izan daitezke; beste batzuei, aldiz, soilik amestea geratzen zaie. Martin Elias eta Iker Madoz irakurle finak dira, eta alpiniston maila ikusita, irakurgai asko egia bihurtzen dira.

Hori gertatu zaie joan den urtarrilean Mont Blanc mendigunean dagoen Peutereyko Integralean sinatu zuten jarduerarekin. Soka gerrira lotu eta, bost eguneko lan gogorra egin ondoren, ertz luze eta ikusgarri hori eskalatzea lortu zuten. Madozek berak kontatu digu aktibitate hori egitea amets txiki bat zela: «Aspaldi sortu zen helburua da. Louis Audouberten liburuan Peutereyko Integraleko neguko lehen errepikapenaren historia irakurri nuen. Ertz hori eskalatzeko gogoa piztu zitzaidan, eta argi nuen errepikatzekotan neguan ilusio handiagoa egingo zidala. Duela urte batzuk amets honen inguruan Martinekin hitz egin nuen, eta hark onartu zidan asmo bera zuela. Ordutik, urtaro honetan unerik egokiena bilatzen izan gara, eta, azkenean, heldu da».

Urtarrilaren 15ean, Eliasen mezu batek “sugarra” piztu zuen. Errioxarra Alpeetan zebilen; nafarra, berriz, Pirinioetan. Madozek ez zuen aukera hori galdu nahi izan, eta biharamunean Chamonixen zegoen. Igandea zen, eta, iritsi bezain pronto, erronka prestatzen hasi ziren. Alabaina, hilaren 20rako eguraldia aldatuko zela iragarri zuten. Planak aldatu eta jarduera “motzago” bat egitea erabaki zuten. Kide batek Grandes Jorasses-en dagoen “In memorian di Gianni Conimo” bidearen inguruan aipamena egin eta Eliasen anaia zaharrenak, Simonek, bat egin zuen helburu horrekin.

Eguneko irteera zen, eta, Madozek aipatu digun bezala, astindu ederra hartu zuten. Izan ere, 21 orduko joan-etorria izan zen: «Oso intentsoa izan zen. Eskiekin bost orduko ibilaldia egin eta gero, marraren oinarrian geunden. 1.400 metro luze da. Lehenengo zatia teknikoagoa da, eta, beraz, eskalatu egin behar da. Baina zeharkaldiaren ondoren, lasaitzen da. Azken argiekin heldu ginen tontorrera. Eskiak eraman genituen; jarri eta jaisten hasi ginen. Baina 100 metrora kendu genituen, Whimper-eko serac-aren alde batean dagoen arrokazko sekziotik jarraitzeko. Hortik aurrera, arreta handiz, eskiatu eta rappelatu genuen. Aldats gogorretan, gainera, tentu handiz ibili ginen. Bederen, Courmayeur-era heldu eta bi artista hauekin pizza bat jatea lortu nuen. ‘Fast and light’ izan behar zena, ‘slow and light’ bihurtu zen».

Grandes Jorasses-eko jarduera luzearen ondoren nekatuta bazeuden ere, antizikloiak tokiz aldatzeko asmorik ez zuenez, biharamunean Peuterey-ko Integralaren “fantasia” forma harten hasi zen. Azken erosketak egin eta sei eguneko irteera aurreikusi zuten. Antizikloiak baldintza egokietan utzi zuen ertz luze hori: «Aiguille Noire, adibidez, nahiko garbi zegoen, eta eskuekin eskalatzeko aukera eman zigun. Courmayeur-eko Mont Blanc-era ateratzeko, berriz, elurra ikusten zen, eta hori zen guretzat garrantzitsuena. Izan ere, normalean izotz beltza ikusten da. Horrez gain, ISO 0 2.000 metrora kokatuta zegoen: haize gutxi eta zeru oskarbia. Neguan Chamonixen egoteko, bada, primeran. Gailur eguna hotza izan zen, baina, denbora guztian mugimenduan geundenez, ondo igaro genuen. Izotz gutxi eta elur gehiago. Baina elur txarra, belauneraino sartzen zena».

Egun luzeak

Elias eta Madoz pronto ziren Peuterey-ko Integralean sartzeko. Courmayeur-era iritsi, bizkar-zakuak eta botak jantzi eta, sei orduko ibilaldiaren ostean, Borelliko aterpera heldu ziren. Bezperako indarrak berreskuratzeko, bertan gaua igaro zuten.

Biharamunean, goizeko lauretan esnatu, gosaldu eta denbora galdu gabe hormaren sarreran jarri ziren: «Egun horretako helburua ahalik eta gehien eskalatzea zen. Aiguille Noire-ko hainbat orratz gainditu eta Brendel-era iristea lortu genuen. Elurrak eta motxila astunek erritmo motela eramatera behartu gintuzten. Alabaina, lortutakoarekin pozik geunden. Gaueko hamarretan, elurretan eginiko plataforma batean, haizerik zein hodeirik gabe, bibaka egin genuen. Egun neketsua eta luzea izan zen, baina, bederen, eguzkitan eta tenperatura onarekin eskalatzen ibili ginen».

Hirugarren eguna ere ez zen lasaia izan. Craveriko aterpea zuten helburu nagusia, eta, jarduera luze baten ondoren, hara heltzea erdietsi zuten. Madozek aurreratu du eguzkiaren lehen izpiekin eskalatzen hasi zirela: «Eguerdirako Noire-ko gailurrean ginen. Rappelatu eta Dames Anglaises-eko oinarrira heldu ginen. Sekzio hori latza izan zen! Bagenekien ez zela erraza eta luze joango zitzaigula. Une batzuetan galdu ginenez, denborak ihes egin zigun. Aterpe txiki horretan gaueko hamarretan ginen».

Laugarren eguna izan zen luzeena eta gogorrena. Gouter-eko aterpea helburu zutenez, hara heltzeko lan eskerga egin behar izan zuten. Guillermina izeneko orratza zeharkatu, Blanch-eko gailurrak gurutzatu, rappelatu, Peutereyko lepora iritsi eta, aldapa oso luzea gainditu ostean, Courmayeur-eko Mont Blanc-eko tontorrean ziren. Astindu hori hartu eta oraindik Mont Blanc-eko gailurra zapaldu eta Gouter-era jaitsi behar zuten: «Mont Blanc-era heltzeko baldintza txarrak aurkitu genituen. Izotz oso gogorrak eskalatu behar izan genituen, eta lan horretan denbora galdu eta indarrak xahutu genituen. Gouter-eko ohiko bidetik jaitsi ginen; udaran oso ezaguna, baina neguan erabat aldatuta dagoena. Aterpean gaueko hamaiketan ginen».

Madozen dioenez, bosgarren eta azken azken eguna lasaia eta azkarra izan zen. Hala ere, ezustekoa izan zuten: «Gouter-eko korridorea jaisten ari ginela, Martinek estropezu egin eta belaunean min hartu zuen. Tete Rousse-ko maldak igaro eta gero, PGHM taldeari deitu eta ordubetean Chamonix-era heldu ginen».

Nahiz eta inolako markarik egiteko asmorik ez zuten, Eliasek eta Madozek Peuterey-ko Integrala bost egunean sinatu zuten. Alpinista nafarrak argi du jarduera oso ederra egin dutela: «Sei egun aurreikusten genituen, eta, azkenean, bost izan dira. Baina eite horri baino beste batzuei eman diegu garrantzia. Oso balorazio positiboa egiten dugu; izan ere, nortasun handiko jarduera hori gutxitan egin daiteke. Maila pertsonalean oso pozik jarduera hori egin dudalako. Pozik, erronka hori egitera animatu ginelako. Pozik, hain indartsu dauden Elias anaiekin mendian ibili naizelako. Jakina, une gogorrak izan ditugu. Baina une oro oso zentratuta eskalatu dugu. Egun luzeak izan dira, eta, ia ohartu gabe, bosgarren egunean Gouter-era heldu ginen. Gogoan dut ere Audoubert-en liburuan neguko lehen jarduera hori egin zenean aipatzen dituen tresneria eta janari zerrenda. Guk, berriz, bizkar-zaku astuna eraman dugu, baina askoz ere arinago joan gara».