GARA Euskal Herriko egunkaria
ZIKLISMOA

Andaluziako eta Algarveko itzuliak, gaur hasi eta igandera arte


Iberiar penintsulako hegoaldea bilakatuko da datozen egunotan txirrindularitza profesionalaren gune nagusia, gaur hasi eta igandera arte luzatuko baitira Andaluziako eta Algarveko itzuliak.

Andaluziako probak sekulako partaidetza izango du, nahiz eta azken unean baja batzuk izan diren covid-19ak eraginda. Hala, Valverde (Movistar), Fulgsang (Israel) edota Nibali (Astana) ez dira egongo.

Haien faltan Mikel Landa (Bahrain), Tao Geoghegan eta Carlos Rodriguez (Ineos) edota Simon Yates (BikeExchange) ageri dira faboritoen artean. Landarekin batera, Omar Fraile (Ineos), Imanol Erviti (Movistar), Julen Amezqueta, Jon Barrenetxea (Caja Rural), Ander Okamika (Burgos), Jon Agirre (Kern Pharma), Ibai Azurmendi, Mikel Bizkarra, Xabier Isasa, Mikel Iturria eta Gotzon Martin (Euskaltel) dira euskaldunak.

Lehen bi etapak malda motzetan amaituko dira, ondoren esprinterrentzako bi aukera daude, eta lehia igandean erabakiko da mendatean amaituz.

Algarven, mendatean amaitzen diren bi etapa daude eta 32 kilometroko erlojupekoa. Euskaldunak: Ion Izagirre (Cofidis), Jonathan Castroviejo (Ineos), Jonathan Lastra, Jokin Murguialday (C. Rural), Xabier M. Azparren, Iker Ballarin, Unai Cuadrado, Asier Etxeberria, Unai Iribar eta Txomin Juaristi (Euskaltel).