17 FéV. 2022 AZKEN PUNTUA Publikoaren koloreak Aitziber Pz. Karkamo Kazetaria Ehunka margo biltzeko kutxa batekin egiten nuen amets, beste denek zutenen modukoa. Nirea kolore gutxi batzuk gordetzeko estutxe txiki bat besterik ez zen. Gasteizko ikastola kontzertatu batean ikasi nuen, estu zebiltzan gurasoen ustez, onena zelako. Egun, ezin diet ezer leporatu. Nigatik egin zuten eta bertan bizi izandakoari zor diot publikoarekiko nire jarrera irmoa. Nafarroan, Elizaren esku sexu abusuak pairatu dituzten ehunka lagunen salaketen berri izan dugun egunotan, EAEn hezkuntza sistemari buruz izaten ari den eztabaidari jarraitu diot. Eta horretan gaudela jazo da Gasteizko Arantzabela ikastolaren kontrako erasoa. Irain LGTBIfobikoak agertu dira eskolako horman margotutako ortzadarraren gainean. Pintura pote berriak beharko dituzte, baina hori baino lehen, zazpi koloreko arropak jantziak dituztela, zazpi ikasle kokatu dira irainei aurre eginez. Eta harro sentitu naiz pintada faxistak ezabatzeaz gain, faxistei aurre egingo dieten gazteekin. Orduantxe konturatu ere, munduko margo kutxarik garestienak ere ezingo lukeela ortzadar horren baliorik izan. Eskola publikoari zor diogu kolore denen aniztasuna. Soilik denek kabida duten hezkuntza sistemak berma ditzake haien guztien eskubideak. Eta publikoak berma dezake, beste edozeinek baino hobeto, gure haurrek faxistei aurre egin ahal izateko balioak ikasiko dituztela.