GARA Euskal Herriko egunkaria
ARRAUNA

78 ontzik parte hartuko dute bihar Oriaren 28. Traineru Jaitsieran


Oriaren 28. Traineru Jaitsiera aurkeztu zuten atzo, Orioko Arraunetxean, Josu Esnaola Orio Arraunketa Elkarteko presidenteak eta Anuska Esnal herriko alkateak. Bihar bertan jokatuko da proba hori, 16.30etik aurrera, eta bertan 78 ontzi eta 1.000 arraunlaritik gora arituko dira lanean.

Josu Esnaolak prentsaurrekoan adierazi zuenez, «zortzi ontzi Herrialde Katalanetatik etorritako llagut-ak izango dira, bost traineru jubenilenak eta 22 beteranoek osatutakoak. Seniorrei dagokienez, emakumezkoek osatutako 17 traineruk egingo dute arraunean, eta gizonezkoen 26 ontzik».

Seniorren artean, bi bandera izango dira jokoan: nesken artekoa bata eta mutilen artekoa bestea. Berezitasun modura, Malagako (Andaluzia, Espainia) estropalariek aterako duten ontzi bat ere egongo dela azpimarratu zuen Orio Arraunketa Elkarteko buruak. Gainera, Bilboko arraunlariekin osatuko duten txalupa inklusibo batek ere parte hartuko du. «Gainontzekoek baino 15 minutu lehenago hasiko dute estropada, helmugara heltzeko behar duten denbora izan dezaten», azaldu zuen.

Antolakuntzak bi ibilbide egokituko ditu estropadarako. Senior mailako mutilek 6.000 metro egingo dituzte arraunean, Mapiletik abiatu eta herriraino. Gainontzekoentzat, berriz, ibilbideak 4.000 metro izango ditu, eta Sarikolatik aterako dira. Azkenik, Esnaolak arduraz jokatzeko eskaera ere egin zien arraunzaleei, pandemiak sortutako osasun krisiak indarrean jarraitzen duelako.

Iazko edizioan, Arraun Lagunak, emakumezko seniorretan, eta Hondarribia, gizonezkoetan, nagusitu ziren erlojupeko gisa egindako proban.