GARA Euskal Herriko egunkaria

Europar Batasunak dirua eskaini dio Afrikari baina ez patenteak askatzea

EBk Afrika «lehentasunezko bazkide» bihurtu nahi duela esan du Afrikako Batasunarekin egindako gailurrean. Europar agintariek dirutza eskaini dute, baina uko egin diote txertoen patenteak askatzeari.


Europar Batasunak Afrika «lehentasunezko bazkide» bihurtu nahi du eta asmo horrekin inbertsio programa ugari adostu ditu Afrikar Batasunarekin Bruselan egindako gailurrean. Ezegonkortasuna, estatu kolpeak eta jihadismoa Afrikan hedatzen ari diren unean, europar estatuak kontinentean eragina galtzen ari dira Txina eta Errusia bezalako beste potentzien kaltetan. Bada, horri buelta eman nahi diote europar agintariek.

«EBk Afrikaren lehentasunezko bazkide izan nahi du. Hori da goi bileraren asmo nagusia, eta, horretarako, harreman sendoagoa behar dugu gure artean», adierazi zuen Ursula Von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak EBren eta ABren arteko seigarren goi bileraren ostean.

Hurrengo zazpi urteetan Afrikan 150.000 milioi euroko inbertsioak egiteko konpromisoa hartu du Bruselak. Inbertsioek «energia, garraio eta agenda digitaleko proiektuak, herritarrek elektrizitatea izatea ahalbidetzeko egitasmoak eta trantsizio berdea eta digitala» sustatuko dituzte. Aldi berean, tresna finantzario berriak indarrean jarriko dituztela agindu zuten agintari europarrek.

Bestalde, Europar Batasunak uda baino lehen covidaren aurkako txertoen 450 milioi dosi banatuko dituela agindu eta ARN txertoak Afrikan ekoizteko laguntzak eskaini zituen. «Jasotako dohaintzak estimatzen ditugu, baina eredu hori ez da jasangarria. Ahalduntzeko laguntza da behar duguna. Munduari erakutsiko diogu Afrikak gaitasuna duela maila zientifiko eta industrialean botika horiek ekoiztu ahal izateko», esan zuen Cyril Ramaphosa Hegoafrikako presidenteak. Laguntzak laguntza, EBk afrikarren eskaera nagusietako bati muzin egin zion: covidaren aurkako txertoen patenteak askatzea, batik bat Ramaphosa berak exijitu zuena.

Europako Batzordeak udaberrian egoera aztertzeko konpromisoa baino ez zuen hartu, betiere, Munduko Merkataritza Erakundearen proposamen baten barruan. «Muga ditzagun jabetza intelektualaren jabeen onurak, baina ondasun garrantzitsu bat ere babestuz, jabetza intelektuala, alegia», arrazoitu zuen Von der Leyenek.