GARA Euskal Herriko egunkaria
EUSKAL DERBIA SAN MAMESEN
Entrevue
ALEX PETXARROMAN
ATHLETIC CLUB TALDEKO JOKALARIA

«Oso pozik nago Athleticen, gutxi jokatu arren erabaki ona izan da niretzat»

Zortzi partida jokatu ditu orain arte Alex Petxarromanek talde zuri-gorriarekin. Eskuin hegalean zein zelai erdian erabili du Marcelinok. Anoetan egin zuen debuta lehen itzulian eta gogotsu dago Realaren kontra beste aukera bat izateko San Mamesen.


Alex Petxarroman Athleticen ezusteko fitxaketa izan zen joan den denboraldi amaieran. 25 urte bete berri ditu donostiarrak eta hamarkada batez Realeko harrobian aritutakoa da. Sanseko kapitaina zela Bigarren Mailara igotzea lortu zuen, baina zuri-gorrien eskaintza jaso eta Bilbora etortzeko erabakia hartu zuen. Lehen Mailan jokatzeko aukerari ezin izan zion ezetz esan eta Marcelinoren oniritzia lortu zuen denboraldiaurrean. Kostatzen ari zaio minutuak izatea eta derbia berezia izango dela onartu du. Hala ere, helburua garaipena lortzea dela nabarmendu du, Ligan zein Kopan Athleticek dituen erronkei indarberriturik aurre egiteko.

Zein giro dago Athleticen Mallorcaren aurkako porrotaren ostean?

Denak geratu ginen sentsazio txarrarekin. Azken partidak oso onak izaten ari ziren, dinamika positiboan ginen, baina Mallorcako partidua ez zitzaigun ondo atera eta triste itzuli ginen bertatik.

Nola azaldu daiteke gertatutakoa? Denboraldiko partida txarrena izan zen?

Nik istripu bat izan zela esango nuke. Partidu txarra izan zen, baina dinamika onean geunden, Europako postuetatik gertu Ligan. Porrotak aldendu egiten gaitu egon nahi dugun lehia horretatik, baina prest eta gogotsu gaude San Mameseko derbian daukagun erronkarako.

Marcelino oso haserre agertu zen. Zer esan zizuen aldagelan?

Ez zigun ezer esan, uste dut ez zegoela askorik esan beharrik. Denok genekien ez zela gure partidu onena izan eta ez zaio buelta gehiago eman behar. Derbian pentsatzen hasi ginen jarraian, futbola ez baita gelditzen. Partida asko falta dira Liga amaitzeko, Europako postuetatik gertu gaude eta horretan bakarrik pentsatu behar dugu.

Taldea gai ikusten duzu Kopan finalera iritsi eta Ligan amaierara arte lehiatzen egoteko?

Azken unera arte lehian egoteko gai garela uste dut. 24. jardunaldian gaude eta taldeak lehiakortasun handia erakutsi du hasieratik. Azken hilabetean partida asko eduki ditugu eta argi utzi dugu goian egoteko gai garela.

Aipatu duzun bezala, futbola ez da gelditzen eta Reala dator San Mamesera. Zer-nolako partida izan daiteke?

Beste partidu gogor bat izango da, talde indartsu baten aurka. Partida guztietan egiten dugun bezala, ahalik eta hoberen prestatu gara ondo iristeko. Argi daukaguna da ehuneko ehuna ematen badugu, gure zelaian jokatuta, San Mameseko jendearen babesarekin, partida irabazteko gai garela da. Hala ere, zaila izango dela badakigu eta partida ona egin beharko dugula arlo guztietan.

Nola ikusten duzu Reala?

Oso indartsu hasi zuten denboraldia eta urte osoan horrela mantentzea oso zaila izaten da. Granada ondo gainditu zuten azken jardunaldian eta badakigu derbi batean indarrak asko parekatzen direla, tentsio handiko partida dela. Reala oso talde indartsua da eta ez dizkigu gauzak batere erraz jarriko.

Europan jokatzeak eragina izan dezake?

Nik uste Reala moduko taldeek aukera ezberdinak izaten dituztela hamaikakoan aldaketak egiteko. Jokalari guztiek maila altua daukate. Egia da eragin negatiboa izan dezakeela fisikoki egindako esfortzuarengatik, baina positiboa izan daiteke ere moral aldetik. Guri hori pasa zaigu azken asteetan Kopako partidekin. Ligako partidak motibazio altuagoarekin jokatzeko eta ahalik eta hobekien lantzeko lagundu digu.

Ezberdin ikusten da Donostiatik eta Bilbotik derbia?

Derbi asteak beti izaten dira tentsio handiagokoak. Partida berezia da jokalari guztientzat. Entrenamenduetan berdin saiatzen gara ahalik eta hoberen prestatzen ondo iristeko. Gero partida beste guztiak modukoa izaten da, nahiz eta tentsio gehiago nabaritzen den, batez ere zaletuen artean.

Lehen itzuliko derbian egin zenuen debuta Lehen Mailan. Nola gogoratzen duzu?

Denbora pasa arren horrelako partidak ez dira inoiz ahazten. Ez dut gehiegi pentsatzen, baina egia da oroitzapen hori betirako izango dudala eta asko pozten nau. Gainera, ikusten nabil jardunaldiak pasa ahala gero eta minutu gehiago ditudala. Realaren aurka berriro lehiatzeko prest nago eta motibazio puntu handiagoarekin.

Kosta zitzaizun minutuak izatea. Pozik zaude Athleticera etortzeko erabakiarekin?

Bai, beti esan dut. Gutxiago jokatzen ari nintzenean ere esan nuen ez nintzela ezertaz damutzen. Oso erabaki ona izan da niretzat eta oso pozik nago Athleticen. Oso ondo sentitzen naiz, futbolari hobea bilakatzen ari naiz, minutu gutxi jokatu arren. Gaztea naiz eta ikasteko balio izan dit.

Gehiago jokatzea espero zenuen?

Pentsatzen nuena baino gutxiago jokatzen ari naiz, baina lasai nago. Lehen Mailako talde bat da eta banekien gauzak ez zirela errazak izango Athleticen. Egunerokotasunean lan ona egiten ari naiz. Nire taldekideak eta entrenatzaileak pozik daude egiten dudanarekin eta horregatik oso pozik nago eta ez naiz inolaz ere damutzen Athleticera etortzeaz.

Ikasten ari zarela aipatu duzu. Hainbestekoa al da aldea Bigarren B Mailarekin alderatuta?

Jauzi handia da eta banekien ez zela erraza izango. Noski gehiago jokatu nahi dudala, baina badakit denbora bat behar dela maila berri batera egokitzeko eta ikasteko. Pixkanaka gero eta erosoago sentitzen naiz, bai zelaian bai entrenamenduetan, eta hori positiboa da.

Lehiakortasun handia dago eskuin hegalean. Lau jokalari zaudete, Lekue, Capa, De Marcos eta zu zeu, postu baterako.

Lehen jardunaldietan aukera izan nezakeen, baina lesionatu egin nintzen. Lekuek ondo egin zuen eta zaildu egin zitzaidan taldean sartzea. Hala ere, gogotsu entrenatzen jarraitu dut aukeraren bat aprobetxatzeko.

Zelai erdian ere aritu zara.

Lateral bezala etorri naiz Athleticera, baina banekien postu ezberdinetara egokitu naitekeela. Ez da postu ezezaguna niretzat eta ondo moldatzeko gai naiz.