GARA Euskal Herriko egunkaria

Etiopiak presa erraldoia jarri du martxan Nilo ibaian, Egiptoren eta Sudanen haserre bizia eraginda


Nilo Urdineko presa erraldoia martxan da atzotik, Abyi Ahmed Etiopiako lehen ministroak inauguratu ostean. Afrikako azpiegitura proiekturik garestienetakoa da eta azken urteetan Etiopia, Sudan eta Egiptoren artean izugarrizko tirabira diplomatikoak eragin ditu.

Etiopiaren Pizkunderako Presa Erraldoia izenez bataiatu dute azpiegitura hori, biztanleen %60k argindar erregularrik ez duten eta lehortearen eraginez lurra ureztatzeko arazo larriak dituzten herrialdean. Kairo eta Khartum, ordea, haserre bizian daude Etiopiak Nilo Urdineko ur baliabideak kentzen dizkielako; batez ere, Nilo ibaiaren ur-maila jaistea eragingo duelako.

Egiptok ibaiarekiko «eskubide historikoa» aldarrikatzen du. Horretarako, gogora ekartzen du 1929an Sudan ordezkatzen zuen Britainia Handiko potentzia kolonialak sinatu zuen akordioa. Itunak Nilo ibaian proiektuak egiteko beto-eskubidea onartzen zion Kairori.

1959. urtean, ordurako askea zen Sudanek eta Egiptok Niloko urak banatu zituzten; %66 Kairorentzat eta %22 Khartumentzat.

Etiopiak beti argudiatu du ez ziotela akordio haietan parte hartzen utzi eta 2010ean bere akordioa sinatu zuen, baina Niloko ibaiaren iturburua eta arroa hartzen dituzten herrialde afrikarrekin. Nilo Urdina Etiopian sortzen da, baina ibaiadar bat da. Nilo ibaiak Tanzanian du iturburua eta Sudanera iritsi aurretik beste sei herrialde afrikar zeharkatzen ditu, Burundi, Ruanda, Uganda, Kenya, eta Kongoko Errepublika Demokratikoa, egungo Hego Sudan «askea» barne.

Itun horrek Egiptoren beto-eskubidea bertan behera utzi zuen eta Nilon ureztatze proiektuak eta presa hidroelektrikoak baimendu zituen.

Egipto, Sudan (iparraldekoa) eta Etiopia hasiera-akordio batera iritsi ziren 2020ko urtarrilean presa-proiektu xumeago bat egiteko, baina Addis Abebak negoziazioak utzi zituen eta Egipto bakarrik geratu zen ituna sinatzeko orduan. Ordutik Etiopiak bakarrik finantzatu du proiektua eta lanekin jarraitu du Benishangul-Gumaz eskualdean (mendebaldea), Sudango mugatik 30 kilometrora.

Ofizialki inauguratu ostean, presa erraldoiak 375 megawatt produzitzeari ekin dio, bigarren fasean 13,9 milioi metro kubiko ur gehitu ondoren. 2020ko uztailean amaitu zen lehen fasean 4.500 milioi metro kubiko urez estali zuten presaren hondoa.

Proiektu erraldoiak 1.730 milioi euroko aurrekontua izan du 2011n lanak hasi zirenetik gaur arte –orduan funtzionario bakoitzak hileko soldata eman behar izan zuen, baina amaitzerako, 2024rako, bikoitza baino gehiago (3.700 milioi euro) kostatuko dela aurreikusten da. Gobernuak eskatu dituen maileguek etiopiarren aurrezkiak konprometitu dituzte–. Bukaeran 5.200 megawatt ekoizteko gai izango da.

Izan ere, atzo lehen turbina jarri zuten martxan, baina presa erraldoiak hamaika turbina izango ditu. 145 metroko altuera eta 1,7 kilometroko luzera du presak eta 74.000 milioi metro kubiko ur hartzeko gai da.

Kontinente Beltzean argindar ekoizlerik eta esportatzailerik handiena izango da.