GARA Euskal Herriko egunkaria
EDITORIALA

Agente bakarra ere sobera legoke


Espainiako Barne Ministerioak Hego Euskal Herrian dituen polizia eta guardia zibilen zifra eguneratu zuen atzo. Ez zion denbora askorik kendu lanak, azken urteetan zifra ez baita mugitu. Zehazki, atzo ezagututako datuen arabera, 5.782 uniformedun espainiar daude Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroan; duela lau urte baino hiru gehiago. Inork immobilismoaren argazkirik bilatzen badu, nekez topatuko du hau baino adibide grafiko garbiagorik. EAEn 3.502 dira, duela lau urte baino 184 gutxiago. Nafarroan, aldiz, 2.280 dira, 187 gehiago.

Azken datu hori esanguratsua da, Estatuko indar polizialen erresistentziak argiro islatzen baititu. Nafarroak abenduaren 1ean bereganatu behar zuen trafiko eskuduntza –bigarren transferentzia 20 urtean–. Gauzatu baino bi aste lehenago, ordea, Guardia Zibilak 145 agente berri bidali zituen herrialdera, nahiz eta bertan dauzkaten konpetentziak murriztu behar diren, eta nahiz eta Nafarroako Gobernuak pasarela eztabaidagarri bat eskaini Foruzaingora erraz pasatu ahal izateko. Transferentzia gauzatzeko astebete falta zenean, hitzarmena atzeratzea erabaki zuen Madrilek, eta ez da gaurdaino berri gehiagorik izan. Guardia zibil gehiago, transferentzia gutxiago.

Azken hamar urteotan bi indar polizial espainiarren presentzia zerbait arindu den arren –1.300 agente gutxiago–, Hego Euskal Herrian behar diren eta gizarteak nahi dituen baino askoz ere gehiago dira oraindik. Are gehiago, berezko Polizia autonomikoa daukaten lurraldeak izanda. Indar polizial guztien batuketak polizia ratio beldurgarria ematen du, ETAk jardun armatua utzi eta hamarkada bat beranduago. Gatazka armatu hori izan zen iraganean argudioa, baina Nafarroako kasuak erakusten duen bezala, edozein aitzakiak balio du beharrezkoa ez den presentzia bat mantentzeko. Bakearen bidean lagundu ordez, zauri zaharrak berrireki dituzte –ikusi Estatuaren biktimen legearekin gertatutakoa– eta liskar berriak sortu dituzte –Altsasu gogoan–. Euskal Herriak ez ditu ezertarako behar bakearen boikotatzaile sutsuak.