GARA Euskal Herriko egunkaria
PILOTA

Imaz: «Nire aldetik behar nuen halako txapelketa bat»

Oiartzuarrak onartu du azken bi Binakakoetan ez zela mentalki %100ean. Aurten, berriz, «oso gustura» ari omen da Unai Lasoren laguntzarekin.


Lehiaketa sistemaren kapritxoz, aurreko hamalau asteetan Laso eta Imazek egindako lan bikaina ezerezean gera daiteke igandean Peña-Albisuren aurka irabazteko gai ez badira, baina oiartzuarrak balantze positiboa egin du aurtengo txapelketaz. «Ez dugu horretan pentsatu nahi, baina argi dagoena da txapelketa oso ona egin dugula. Nire ustetan partida guztietan lehiakorrak izan gara eta helburua hori zen. Dudarik gabe, kanpoan geratzen bagara pena ikaragarria emango digu, baina nire aldetik behar nuen halako txapelketa bat konfiantza izateko nire buruan eta, egia esan, oso ongi etorri zait», azaldu zuen atzo Imazek Gasteizko Ogeta pilotalekuan.

Atzelari gipuzkoarra zintzo mintzatu zen aurreko bi Binakakoetan bere maila eman ez zuela onartzean, eta, horregatik, «berriro ere onenekin lehiatzeko moduan nagoela ikustea niretzat oso pozgarria da eta oso gustura nago». Aurten, gainera, oso Binakako sendoa jokatzen ari da, berriz ere oso atzelari segurua izan da partida guztietan, partidak oso ondo amaitzen ditu eta pilota ere ederki astintzen ari da. Hobekuntzon arrazoiez galdetuta ere, ez zen ezkutatu. «Azkenean buruak lan asko egiten du eta nik uste aurreko txapelketetan ez nintzela %100ean mentalki ere, eta hori azkenean kantxan nabaritu egiten da. Orain gustura nabil kantxan, entrenatzen ere motibatuta eta uste dut nabaritzen dela».

Laso: «Merezi dugu sartzea»

Buruz txapelketan erabat sartuta ez egotearen arrazoiak ez zituen aipatu Imazek, baina pentsatzekoa da Baikoko pilotariek egindako grebaren ondorioek ez ziotela batere lagundu. Aimar Olaizola eta Mikel Urrutikoetxearekin batera, greban parte hartu ez zuen bakarra izan zen Imaz eta gatazka hartan gehien kaltetuetako batekin, Unai Lasorekin, ari da bikotea osatzen aurten. Kantxan, eta handik kanpo, ikusten denarekin, biek ere pasarte hura atzean uzten asmatu dutela dirudi eta bikain moldatu dira. Baina lortu dituzten zortzi puntuak ez dira aski izan finalerdietan sartzeko, dena hil edo biziko partida batean jokatu beharko dute eurek baino bi garaipen gutxiago lortu dituzten Peña-Albisuren aurka. Egungo txapeldunordeak ligaxkan egon daitezke partida gutxiago irabazita, baina txapelketa hasi aurretik denek zekiten zein zen lehiaketa sistema.

Hala ere, Unai Lasoren hitzetan antzeman zitekeen sistemarekiko nolabaiteko ezinegona. «Nik uste merezi dugula finalerdietan sartzea, justua litzateke. Kanporatuak izango bagina txapelketa ona egin izanaren gustu onarekin joango ginateke», azaldu zuen aurrelari nafarrak.