GARA Euskal Herriko egunkaria
BIGARREN MAILA

Bide aldaketaren ondoren, azelerazioa


Malaga gaindituz denbora luzez bilatutako helburua lortu zuen Sansek. Eta hamabi jardunaldi eta gero eskuratutako garaipenari esker bidez aldatzea lortu bazuen, orain denboraldian lehen aldiz bigarrena jarraian lortu nahi du azaleragailua zapaltzeko. Uneotan 18. postua zazpi puntura duela eta aurkari zuzen guztiek norgehiagoka zailak dituztela jakinez zelairatuko da talde txuri-urdina. Baita, beraz, garaipenak izan dezakeen balio bereziki handiak emandako motibazioarekin ere.

Zoritxarrez, gauza bera pentsa dezakete aurkari zuzen horiek, Sansek ez baitio erronka txikiari aurre egingo. Oviedok bere ibilbidea sendotu du, play-offetik puntu bakarrera kokatuz. Gainera, etxean bereziki indartsua da Kuko Zigandaren taldea: urrian Tartieren azken porrota jaso zuenetik, bost garaipen eta hiru berdinketa lortu ditu bere zaleen aurrean. «Oso talde sendoa da, joko mota desberdinetara moldatzeko gai dena», azpimarratu du Xabi Alonsok.

«Une oso une onean dago Oviedo. Talde historikoa da eta seguru oso giro ona egongo dela zelaian», gaineratu du Alonsok atarikoan. Horren aurrean, Sansek zelai handienetan ondo lehiatu ohi duela gogoratu du, baita Malagaren aurkako garaipenaren «garrantzia» azpimarratu ere: «partida biribilak egin eta irabazteko gai garela berriro sentitzeko balio izan digu».